Ekaitzaren ostean, barea

Senar-emazteak, Ilazki alabarekin. 
Arregi, alabaren familiarekin. 

Juanitak asko lagundu zion Maria Jesusi; haren alboan egon zen emakumearen bi haurdunaldietan ere. Arregik eta senarrak bi haur izan zituzten: lehen alaba, Ilazki, 1974ko urtarrilean jaio zen; bigarrena, Maier, jaio eta handik bost egunera hil egin zela esan zieten ospitalean, 1979ko uztailean. Andoni Albizuri eta Juanita saiatu ziren Maier ikusten, baina medikuak ez zien utzi nahi izan: "Benetan, hobe da umea nola gelditu den ikusten ez baduzue", esaten zien hark.

Alaba zaharrena, Ilazki, izan da Maria Jesusentzat aurrera egiteko arrazoia. 38 urte ditu, eta hiru haur "zoragarri". Egunero egoten da bilobekin Maria Jesus: Ekain, 7 urtekoa; Paul, 4 urtekoa; eta Manex, urtebetekoa. Arregik aitortzen du alabari deika jarduten dela, ahal duen guztietan, haurrak noiz hartu ditzakeen galdetzeko. "Haiekin egoten ez banaiz, ezin naiz pozik egon: haiei lotuta nago. Aurrera egiteko, motibazio handia da hiru txikiekin egotea. Halaxe da, bizitza ematen didate Ekainek, Paulek eta Manexek". Maria Jesusek haurrak eskolara eramaten ditu, batzuetan, eta besteetan haien bila joaten da, ikastordua amaitzean elkarrekin jolasteko: "Ongi moldatzen gara alaba eta biok; gozatu egiten dut, eta, bide batez, Ilazkiri laguntzen diot".

Izan ere, haurrek erabat zintzoa eta polita ikusten dute mundua, ez dago gaiztakeriarik haientzat; umeen ikuskeratik, elkarri laguntzeko bizi gara guztiok. Noizbehinka bada ere, edonori datorkio ongi haurren munduan murgiltzea: "Eskerrak hiru mutikoekin egunero egon naitekeen, nire arazoez eta eginbeharrez ahazten naiz haiekin nagoenean. Fisikoki asko nekatzen naiz, baina buruak deskantsatu egiten du".