Lagunartean ere, eredu

Arregi eta Odriozola, 1995ean. 

Ez da zaila Maria Jesusen laguna izatea. Emakume gardena da jubilatua, erraza da harekin konfiantza izatea. Lagunekin mendira joatea gustatzen zitzaion Arregiri, izugarri. Adiskideekin txangoak, kontzertuak, parrandak... denetik egiten zuen hark gaztetan. Haren hitzetan, "bizitzako etapa bakoitzean pertsona desberdinekin lotzen zara, hori da normalena". Maria Jesusek badu, ordea, bizitza osoan alboan izan duen lagun bat, mila istorio elkarbanatzen ditu Juanita Odriozolarekin. "Juanita berezia da, bakarra; ia hitz egin gabe ulertzen gara".

Eskolan ezagutu ziren bi emakumeak. 12 urterekin oso lagun egin ziren, eta gaur arte. "Oso desberdinak gara, horregatik moldatzen gara ongi", azaltzen du Juanitak. Egunean bi, hiru edo lau aldiz hitz egiten dute telefonoz bi emakumeek, oso harreman estua dute. Ez dute ezer behar ongi egoteko: "Zestoako bainuetxean ere orduak eta orduak pasatu ditzakegu karta sorta batekin, ez dugu ezer behar, elkarren konpainia soilik".

Juanita hunkitu egiten da Maria Jesus nolakoa den azaltzerakoan: "Lagun handia da, bihotz onekoa, edozertan laguntzeko prest dagoen horietakoa. Emakume handia eta ona. Beste pertsonengan ez ditut ikusten Maria Jesusek dauzkan baloreak: emakume honek inongo interesik gabe laguntzen die pertsonei, jarraitu beharko genukeen eredua da". Juanitari asko lagundu dio Maria Jesusek: "Guk gauza oso handia dugu, edonorekin izaten ez dena: badakigu elkarri kontatzen dioguna hor geldituko dela. Era askotako egoerak pasatu ditugu".

Maria Jesusek Juanitaren bizitza goitik behera aldatu zuen: "Gure amak ez zidan ordurik jartzen erretiratzeko, baina Marijerekin irteten hasi nintzenean, erretiratzeko ordua jartzen hasi ziren gurasoak; denbora hegan joaten zitzaigun". Esan gabe doa, musika mundura murgiltzen ere lagundu zion Arregik lagunari: "Niri asko gustatzen zait musika, eta abesten ere Maria Jesusek irakatsi zidan, bere gitarrarekin", azaltzen du irribarretsu Arregiren lagun minak.

Bi emakume elkarri begira: elkar maite dute, elkar errespetatzen dute. Benetako lagunak esku batekin kontatzen omen dira, baina bi emakume hauen ustez esku horretan ere behatz batzuk soberan daude.