Barruko melodia

Arregi eta Rezabal, mendian. 

Askotan esan ohi da barruan entzuten dugun ahotsari, melodiari, jarraitu behar diogula. Maria Jesusen ustez horixe bera egin zuen senarrak bizitza osoan zehar, barrenari kasu egin zion: "Afizioa, jakin-mina, gogoa eta bizitzeko modu bat zen hura". Edonora joaten zirenean, autotik paisaiari begira jarduten zuten Katxok eta Rezabalek, inguruetan kobazuloren bat egongo ote zen eztabaidatzen. "Hura bai bizioa! Igandero joan behar zulo haietara, beti arriskuan", esaten du oraindik erdi haserre Arregik.

Bi gizonek asko irakurtzen zuten euren kontura. Ez zuten ikasketarik arkeologiaren alorrean, gauza pertsonala zen. Irakurtzen hasi ziren, interesatzen, gauza gehiagoren bila; ez zen erraza izan bikotearentzat. "Guk lana egiten genuen tailerrean. Oso denbora gutxi izaten genuen libre, eta tarte horiek aprobetxatzen genituen ikerketarako", azaltzen du Rafael Rezabalek.

Andoniren bitartez ezagutu ziren Rafael eta Maria Jesus. Garai hartan ika-mika batzuk izaten zituzten. Neskalagunak denbora asko kentzen zion Andoniri kobazuloak ikertzeari zegokionean; eta Rafaelek, berriz, Andonik libre zuen guztietan berarekin joateko eskatzen zion. Orain, ordea, oso lagunak dira Rezabal eta Arregi: "Senarra hil zenean egin ginen oso lagun, baina lagun-lagunak: oso lagunak. Ordutik aurrera elkarri lagundu diogu beti".