Historiaren ondarea

Barandiaran eta Albizuri adiskideak. 
Ikerlari taldea. Haien artean, Katxo eta Rezabal. 

Handik irten eta inori ezer ez esatea adostu zuten, hasiera batean, bi lagunek. Bazekiten balio handiko altxorra aurkitu zutela, eta argi jokatu nahi zuten. Kalera iritsi ziren, koadrilarekin bat egin zuten, eta "ezin sekretua mantendu". Azkenean, ezinegonak jota, segituan deitu zuten Aranzadi Zientzia elkartera. Jose Miguel Barandiaran Aierbe, Aita Barandiaran (Ataun, 1889-1991), hango zuzendaria, laguna zuten, eta hari azaldu zioten aurkikuntza. "Hark ez zuen sinesten halakorik aurkitu genuenik, mila galdera egin zizkigun, baina ez zitzaion buruan sartzen", azaltzen du oraindik irribarretsu Rafaelek. "Zestoara joan eta kobazuloa barrutik ikusi zuenean, ordea, harrituta gelditu zen".

Aranzadiko adituak eta kazetariak Zestoara gerturatu ziren, azpeitiarrek esaten zutena egia zela baieztatzeko. Aranzadik erabaki zuen kobazuloa itxi behar zela, zaindu beharreko ondarea zela hura: "Aranzadik lan asko egin zuen, eta aitortu egin behar zaio: elkarte horri esker mantendu da kobazuloa egoera onean, gaur arte. Jendeak kobazuloetan armak eta horrelako tresnak gordetzen zituen, eta zientzia elkarteak gogor egin zuen lana hori mozteko".

Ordutik aurrera, kobazulo asko aurkitu dituzte Euskal Herrian. Katxok eta Rafaelek zaletasuna zabaldu zuten gure herrian, eta Antxieta Jakintza Taldea sortu zuten; oraindik ere lanean dihardu taldeak. Rafael Rezabal zintzoa da, gauzak diren bezala kontatzea gustatzen zaio, eta horregatik lotsarik gabe esaten du eurek aurkitu zutenetik lan asko egin dela Ekainen: "Guk aurkitu genuen kobazuloa, baina egia da gerora asko ikertu dutela eta aztarna asko aurkitu dituztela; meritua ez da gurea soilik".