Ekain, arbasoen erritmoa

Maria Jesus eta Andoni, Ekaingo kobazulo parean, 1973an. 

Jakinmin ase ezina zuen Maria Jesusen senarrak. Hark argi zeukan arbasoen isla garela, eta gure eguneroko jardunean berebiziko garrantzia dutela izan zirenen urratsek, erritmoak. Andoni Albizurik eta Rafael Rezabal Aizpuruk (Azpeitia, 1930) aurkitu zituzten Zestoako Ekain kobazuloa eta hango margoak, 1969ko ekainaren 8an. Bi azpeitiarrak ez ziren, inolaz ere, margoak aurkitzeko helburuarekin gerturatu Zestoako txoko horretara, beste asmo bat zuten: "Arbasoen arrastoak aurkitu nahi genituen, aztarna fisikoak", azaltzen du Rezabalek. "Kaska-hezurrak hemen egon behar dik", errepikatzen omen zuen behin eta berriz Albizurik.

"Igande batean, gure Vesparekin Izarraiztik beherantz gindoazela, Zestoan bukatu genuen. Sastarrain alboko parajeei begira, leku hark zerbait berezia bazuela susmatu genuen". Ibaiaren eta mendiaren artean zegoen kobazuloa, leku bikaina zirudien bizitzeko: toki epela neguan, eta bizileku freskoa udan. Inguru haietan bizi zirenek bazuten zerbaiten susmoa: bi gizonei esan zieten zuloren batek egon behar zuela han, animaliak desagertu egiten baitziren baserritik. Horrela, parajea ikertzera animatu ziren azpeitiarrak: "Kobazuloa estalita zegoen: zuhaixkak, orbela, hostoak... Oso leku zikina eta txikia zen, baina, bi aldiz pentsatu gabe, barrura sartzea erabaki genuen Andonik eta biok".

Rezabalek eta Albizurik haizea sentitu zuten kobazuloaren barruan. "Hi, aizak, hemen haizea zagok. Zer egin behar diagu?", galdetu zion Rafaelek Andoniri. "Aurrera jarraitu, jakina", erantzun zion hark. Bi lagunek, bakoitzak alde banatatik, aurrera jarraitu zuten. "Kobazuloa gero eta txikiagoa zen, eta arrastaka joan behar izan nuen, tripa lurrean nuela", gogoratzen du aurkitzaileak.

Azkenean iritsi zen Rafael kobazuloaren sabelera: "Hasieran ez zirudien kobazulo polita, baina ikaragarri handia zen. Segituan ikusi nituen paretan marrazkiak: zaldia, idia...". Hala ere, gosez jarraitzen zuten bi ikerlariek, eta aurrera segitzea erabaki zuten. Orduan aurkitu zuten "inoiz ikusiriko altxorrik politena". "Oihu egin nion Andoniri, eta korrika gerturatu zen. Paretan zeuden margo guztiak ikustean besarkatu egin ginen: izugarrizko pareta zen hura, guzti-guztia margoz josia". Rafaeli, oraindik ere, nekeza egiten zaio sentitzen zuena adieraztea: "Ez dakit hitzez nola azaldu sentitu nuena: zoramena zen hura".