Pare-pareko doinua

Arregi eta Albizuriren ezkontza, 1972ko ekainean. 

Andoni Albizuri Agirregabiriak, Katxo-k (Azpeitia, 1935-1983) eman zion Maria Jesusi bere bizitzak behar zuen doinua: maitagarria, gozoa eta misteriotsua, zenbaitetan. Nola ez, musikak batu zituen bi azpeitiarrak. Maria Jesusek koruan abesten zuenean, Andoni antzerkigintzan aritzen zen, Imanol Elias idazle eta alkate ohiarekin. Albizuri antolaketaz, dekorazioaz eta horrelako kontuez arduratzen zen. Leku berean, Antxieta Etxean, entseatzen zuten koruak eta antzerki taldeak, eta handik irtetean kalean afaltzen zuten guztiek batera; "jatordu informal" haietan ezagutu zuen elkar bikoteak.

Ongi gogoratzen du Marijek nola hasi zen harreman hura. Unai Hirukoan jotzen eta abesten zuen garai hartan. Sarritan, kontzertuak amaitu ondoren, dantzara joaten ziren hiru neskak Gau Txori diskotekara. Andonik ez zuen dantza egitera irteteko ohitura handirik, baina gero eta gehiagotan joaten zela sumatu zuten taldekideek. "Diskotekan ikusten nuenean, hark dantza egitea noiz eskatuko zain-zain egoten nintzen. Han dantzan egiten genuen, eta handik sortu zen gure harremana".

Milagrosan, Maria Jesusek ikasi zuen ikastetxean, ezkondu zen bikotea, 1972an. Ezkontzako argazkiari begiratu eta egun hura zehatz-mehatz oroitzen du Arregik: "Gure ezkontzako egunean gehien maite genituen pertsonak leku txiki hartan bildu genituen: denak batera zeuden. Azpeitiaren alde lan asko egin duen jendea gogoratzen dut ospakizun hartan".

Zenbaiten ustez, zinezko maitasuna bizitzan behin bakarrik heltzen da; hori uste du Maria Jesusek ere. Maiteminduta jarraitzen du azpeitiarrak, badaki horrelako beste gizon bat aurkitzea oso zaila dela. "Senarrak eta biok Izarraitzi begiratzen genion, pentsakor. Gure elkarrizketen falta sumatzen dut: munduaren zentzua, unibertsoarena, nondik sortu garen, zertarako... hori ezin duzu edonorekin hitz egin". Arregiren hitzetan, pare-parekoak ziren, oso desberdinak, baina elkarrentzat eginak. "Inguruko bizitzaz arduratzen ginen biok, eta galdera berak genituen. Bakoitzak bere zaletasunak zituen arren, nolabait, gure ardurekin bat egiten genuen; aberastasun handia da hori. Elkarren arteko komunikazioa oso ona zen, guztia kontatzen genion elkarri: arazoak, zalantzak, pozak... dena. Gizon sakona zen Andoni, gauza handia konpartitzen genuen".

Andoni Albizuri gaixotu egin zen, eta denbora gutxian galdu zuen osasuna. 1983an hil zen; emaztea eta Ilazki alaba bakarrik gelditu ziren. "Ikusten zitzaion, apurka-apurka, baina izugarri argaldu zen senarra. Kolpe gogorra izan zen familiarentzat. Bete ezin den hutsunea utzi zuen".

Asko irakatsi zion senarrak Marijeri; nolabait, abestia afinatzen lagundu zion hark. Ezagutu zutenek diotenez, gizon argia zen, bihotz onekoa eta interesgarria: "Aurrera asko begiratzen genuen, baina baita atzera ere. Nolakoak ote ziren gure arbasoak?, galdetzen genuen; ez dakigu ezer, erantzun ohi genion elkarri. Begira, horrela aurkitu zuten Ekain kobazuloa".