Bakarka, gitarrarekin

Maria Jesus Arregiren ezaugarri nabarmenetako bat da ausardia, eta horrela erakutsi zuen gitarra hartu eta ospakizunetan bakarlari gisa abesten hasi zenean ere. Unai Hirukoan abesten zuen bitartean, ezkontza eta festetan ere kantatzen zuen. Batzuetan, Otaegik laguntzen zion; besteetan, bere gitarrak soilik: "Nire bidea jarraitu nuen, hogei bat ospakizunetan abestuko nuen urte berean".

Maria Jesusi berdin zitzaion zer motako abestiak kantatu, guztiak zituen gogoko. "Rock talde batean ere abestuko nuke, asko gustatzen zait musika: edozein estilo eta edozein lekutan". Horren erakusle, Arregi Azpeitiko Musika Eskolako juntako kide izan zen; eta, gaur egun, Baigerako ekintza musikal guztiak antolatzen dihardu. Azken aldian ere buru-belarri jardun du Marijek Alde Zaharrean eta Sanjuandegin kantu-jira prestatzen.