Unai Bikoarekin, aurrera

Unai Bikoa eta eta Iriondo, Eibarko lehiaketako saria jasotzen, 1969an. 
Unai Bikoa kontzertuan, 1970ean. 

Olatz Saldiasen ondoren, Arantxa Frantzesena izan zen taldea utzi zuen hurrengo abeslaria. Beraz, Unai Bikoak jarraitu zuen bidea, Mari Karmen Otaegi eta Maria Jesus Arregirekin. Eibarko lehiaketa batean, lehen aldiz, elizako abestietatik aldendu ziren musikariok. Edozein kanta aurkez zitekeen lehiaketa hartan, eta Biok ezagutzean abestu zuten. Lehenengo lehiaketa izan zen Unai Bikoarentzat, 1969an; eta lehenengo saria, emakume haientzat. "Sari hura irabazi ondoren, arrakasta lortu genuen. Euskal Herri osoko taldeekin egiten genituen kontzertuak. Ez Dok Hamairu taldearekin ere abestu genuen; bikaina izan zen".

Jose Mari Altunak taldearen gidari izateari utzi zionean, Miguel Mari Azpiazu eta Luis Iriondo azkoitiarrekin hasi ziren musikariak diskoa prestatzen. Haiek animatu zituzten Iruņeko gabon kanta lehiaketan parte hartzera, 1971n. "Lan asko egin genuen eta ongi prestatuta joan ginen, baina saria aurrez emanda zegoen". Iņaki Gabilondo kazetariak azaldu zien saria Luis Barreto abeslariarentzat izango zela: "Ez ginela aurkeztuko erabaki genuen, baina Gabilondok eta beste kazetari batek esan ziguten haiek, epaile bezala, ez zutela euren burua salduko, eta guri eta beste bakarlari bati emango zizkigutela puntuak". Horrela, epaimahaiko beste norbaitek punturen bat emanez gero, irabazteko aukera izango zuen Unai Bikoak.

"Irabazi egin genuen, ez ginen horren txarrak: bi lehiaketatara joan eta lehen postua lortu genuen bietan". Saria lana argitaratzea zen, beraz, lehiaketa antolatzen zuen diskoetxeak ekoiztu behar zuen hirukoaren diskoa: "Dirudienez, gure abestiaren letrak ez zituen lehiaketako arauak betetzen. Ez naiz oroitzen, zehazki, kantu haren hitzez, baina ziur nago aldarrikapenen bat zentsuratu zigutela". Kontuan izan behar da, 1971n Francisco Franco diktadorea oraindik bizi zela, eta gizartearen egoera oso desberdina zela.

1977an atera zuten taldearen diskoa, Franco hil ostean. Lana grabatzeko, Arantxa Frantzesenak ere bat egin zuen taldearekin. "Amaiera gertu ikusten genuen, bizitzako beste etapa batean geunden. Gehien bat, oroitzapen modura grabatu genuen diskoa, guretzat". Ordutik aurrera apurka-apurka kantua uzten joan zen Maria Jesus: "Ezkontza, familia... gauza asko dira, eta garai hartan beste modu batean ikusten ziren gauzak".

Mari Karmen Otaegik (Azpeitia, 1946) Unai Hirukoan zein Unai Bikoan abestu zuen Arregirekin. Bi emakumeak batera hasi ziren Antxieta abesbatzan kantatzen. "Betidanik lagunak izan gara; bai Antxietan, baita taldean ere, oso ongi konpondu izan gara Marije eta biok", dio Otaegik.

"Gustura ibiltzen ginen diskoteka eta plazetan abesten; ez genuen diruagatik egiten, gozamenagatik baizik. Garai hartan, gainera, euskaraz abestea berritasuna zen, horrek beste taldeengandik desberdindu gintuen. Herri txikietako plazak gogoratzen ditut, bereziki. Unai Hirukoaz hitz egitean, satisfazioa da hitza; jendearen harrera ere bikaina zen".

Mari Karmenek taldeko lidertzat oroitzen du Maria Jesus: "Kontzertuetan, azalpenen bat eman behar bazen edo publikoaz agurtzen baginen, Marije izaten zen aurpegia ematen zuena: inoiz ez zuen aitzakiarik jartzen ezertarako". Bi emakumeek oso harreman ona egin zuten eszenatokietan eta haietatik kanpo: "Taldetik kanpora ere harreman ona geneukan, baina taula gainean, hitz egin gabe ulertzen genuen elkar".

Oroitzapen bera du Arantxa Frantzesenak ere; taldea sortu aurretik ezagutzen zuen Arregi, eta hura beti liderra izan dela nabarmentzen du: "Unai Hirukoan bera zen taldearen buru, eta gaur egun ere, egiten dituen gauza gehienetan, hala dela esango nuke". Frantzesenak ere "oso oroitzapen politak" gordetzen ditu: "Garai desberdina zen, abesteari utzi behar izan genion. Gaur egun egoera bera egokituko balitzaiguke, ziur jarraitu egingo genukeela. Urte haiek oso bereziak izan ziren; ez ditu ahaztuko gutako inork".