Afizioa, ofizio

Unai Hirukoaren diskoko argazkia: Arregi, Otaegi eta Frantzesena. 

Adiskide onak aurkitu ditu Arregik musikari esker. Antxietan abesten zuenean, entseguen eta kontzertuen ondoren, beti egiten zuten bazkariren edo afariren bat, lagun giroan. Jatordu haiek amaitu ondoren, kafearen garaian, rantxerak eta abesti herrikoiak abesten zituzten kantariek. "Zuekin hirukote bat egingo nuke nik", esan zien Jose Mari Altuna zuzendariak, abesbatzako hiru neskari, entsegu baten ondoren izan zuten afarian. Handik aurrera hasi ziren entseguak egiten Olatz Saldias (Azpeitia, 1949), Arantxa Frantzesena (Azpeitia, 1947) eta Maria Jesus Arregi. "Hasieran, abesbatzaren kontzertuetan edo haien ondoren abesten genuen guk. Nik, nahiz eta solfeorik ez jakin, gitarra jotzen ikasi nuen nire erara, eta talde bat sortu genuen".

Unai Hirukoa musika taldea sortu zuten 1964an Arregik, Frantzesenak eta Saldiasek. Irabazi asmorik gabeko musika taldea zen, ikastolei eta gisa horretako erakundeei laguntzeko hasi ziren abesten emakumeak. 1966 urtean, Azpeitian abestu zuen lehen aldiz Unai Hirukoak, Santio bezperan. Lehen kontzertuaren ondoren, Olatz Saldiasek taldea utzi zuen, eta Mari Karmen Otaegik hartu zuen haren lekua. Ordutik aurrera, dozenaka plazatan, antzeztokitan eta dantzalekutan abestu zuen hirukoak. "Ez dakit etxean nola utzi zidaten talde bateko kide izaten; korutik irten zen proiektua zenez, haren babesean-edo ezkutatu ginen".

Taldearen izenak interes izpia sortu dezakeen arren, ez du berebiziko esanahirik musikarientzat: "Jose Mari Iriondori galdetu genion: Zer izen jarri diezaiokegu gure taldeari?. Unai iradoki zigun, tradizio handiko euskal izena omen da, behien artzain esan nahi du. Ez genekien zer izen jarri, eta deitura horixe hartu genuen".