Kontralto ahotsa

Emakumeen artean, ahotsik baxuena da kontraltoa. Estimu handia diete horrelako ahotsei abesbatzetan, nota baxuetarako erregistro zabala baitute. Baxuenetik hasi zen, bai, Maria Jesus Arregi musikaren munduan: ezerezetik. Hala ere, ez zitzaion asko kostatu gora egitea, inguruko guztiek bere ahotsa eta gaitasuna mirestea.

Atzo balitz bezala gogoratzen du azpeitiarrak Donostiako Orkestrarekin eginiko lehen entsegua: Bachen kantata abestu zuten, Donostian. Zuzendaria oso famatua zen, Prieto Aita, eta irrikatan joan ziren hara. "Lagun bat eta biok ginen bakarlari. Abestia hasi zen, baina zuzendariak ez zigun sarrerarik eman; nik solfeoa ez nekienez, ez nintzen sartu behar nuen momentuan. Orkestra osoa isildu egin zen, eta honela esan zidan zuzendariak: 'Noiz sartuko zara zu?'".

Ikastetxea amaitu berritan, Txapelen abesbatzan kantatzen zuen orduan gazteak. Don Miguel apaizak azaldu zion zuzendariari Arregik ez zekiela pentagramak irakurtzen, sarrera eman behar zitzaiola. Gero, ordea, harekin guztiz ahaztu zitekeela esan zion, ongi abesten baitzuen. "Nola da posible neskato batek Bachen kantata abestea solfeorik gabe?", esan zuen saminduta zuzendariak. 20 urte zituen orduan Maria Jesusek, eta "oso beldurtuta sentitu" zela dio.

Berriro hasi ziren abesten, eta bigarren aldian eman zion sarrera Prietok: "Nik sarrera ematea soilik behar nuen, beste guztia bikain egiten nuen". Entsegua amaitu zutenean, orkestrakoak aulkiaren kontra instrumentuekin zaratak egiten hasi ziren: "Ingurukoek azaldu zidaten, haien txalo jotzeko modua zela hura, eta niri ari zirela. Malkotan hasi nintzen, ezin nuen sinetsi".