Musikari lotuta

Ikastetxea utzi zuenean, abesbatza ere amaitu zen Maria Jesusentzat. Hark, ordea, ez zion patuari amen egin, eta Coro de Cámara de Radio Popular de Loiola zeritzon abesbatzan kantatzen hasi zen. "Ikastetxeko abesbatzan ibilitako jendeak osatu genuen, batik bat, koro hura, Don Miguel Txapel apaiza zuzendari genuela". 1965ean sortu zen taldea, eta urtebete eskas iraun zuen taula gainean.

Abesten jarraitzeko gogoa zuen Arregik, eta sortu berri zen Juan de Antxieta koruan parte hartzen hasi zen, 1967an, gutxi gorabehera. Antxieta Etxean egiten zituzten entseguak; moldaketa batzuk egin zizkioten eraikinari, eta ekintza kulturaletarako erabiltzen hasi ziren. "Gu han hasi ginen entseatzen, eta horregatik jarri zitzaion Azpeitiko abesbatzari Juan de Antxieta izena. Guk eman genion abesbatzari hasiera; Jose Mari Altuna zen zuzendaria".

Kontraltoa da Maria Jesus Arregi, nabari da haren ahots goxo baina indartsua entzutearekin soilik. Hutsune bat zuen, ordea, Arregik: ez zekien abestiak irakurtzen, inoiz ez baitzuen solfeoa ikasteko aukerarik izan. "Ez nekien solfeoa. Irakasleek beti esaten ziguten, gurasoei eta niri, musika ikasi behar nuela, ahots eta belarri onak nituelako. Gure aita, ordea, guztiz kontrakoa zen: Guk horrelakorik ez dugu behar, kontabilitatea behar dugu, errepikatzen zidan beti. Nik, jakina, ezin nion ezetz esan horri".

Urtebetez Parisera musika ikastera joateko aukera ere eman zion Maria Jesusi Javier Bello-Portu (1920-2004, Tolosa) musikari eta konposatzaile ezagunak. Guztia ordainduta izango zuen Arregik, baina etxekoek ez zuten begi onez ikusi proposamena. "Niretzako musika dena da, eta begira zer eskaintza izan nuen; gustura joango nintzen baina... ezin".