Lehen notak, ikastetxean

Milagrosa ikastetxeko abesbatza, 1960. urtean. 

Familia osoa azpeitiarra du Arregik, eta txikitatik Azpeitian egin du bizimodua. Milagrosa Ikastetxean ikasi zuen. Handik duen oroitzapen politena koruarena da. Milagrosako abesbatzan abestu zuen lehen aldiz Maria Jesusek: haietxek izan ziren bere lehen notak. Gabonetako abestien lehiaketa irabazi zuten 1961. urtean, Tolosan; 16 urte zituen orduan. "Guztiok berdin-berdin orraztuta eta jantzita joan behar izaten genuen abestera. Ez pentsatu, gainera, edonork abestu zezakeenik: mojek hautatzen zituzten ikasleak. Sor Karmen zen zuzendaria. Hark bai, hark jartzen zuen diziplina". Oso gustura joaten zen Marije koruko entseguetara, txiki-txikitatik maite izan du arte hori.

Dena ez zen, ordea, musika eta alaitasuna ikasle garaietan. 16 urte egin zituenerako bideratu zuten Maria Jesus lan mundura gurasoek; kontabilitatea ikasi behar zuen, hori zen etorkizuna. "Kontabilitatea ikasi behar duzu, derrigorrez, lana egiteko", esaten zion aitak alabari. Alabak, ordea, ez zuen gustuko zientzia hori; ez zen, behintzat, berarentzat nahi zuen ogibidea.

Eskolatik irteten zenean, Victoriano Fernandez Maisu Beltza-rengana joaten zen Arregi, kontabilitatea ikastera: takigrafia, mekanografia, komertzioa, kontuen kudeaketa... lantzen zituen irakasle harekin. Maisua oso ona omen zen, baita oso gogorra ere. Bere esku egon balitz, Arregik musika ikasiko zuen, zalantzarik gabe: "Solfeoa edo instrumenturen bat; edozer gauza, baina musika". Alabari ere pianoa erosi zion umetan, nahiz eta orain inork ez duen "ukitu ere egiten".

Duela hirurogei urte ez zegoen hezkuntza euskaraz jasotzeko aukerarik Euskal Herrian eta, beraz, Arregik gaztelaniaz ikasi zuen. Haren gurasoek, ordea, asko maite zuten gure hizkuntza, eta haren aldeko hautua egin zuten katekesirako. "Ni ez nintzen gainontzeko ikasleekin joaten Parrokiako katekesi klaseetara. Gure gurasoek irakasle euskaldun batengana bidaltzen ninduten. Ikasgai hori, behintzat, euskaraz ikasi nuen. Orduan sekulako zortea zen". Garai hartan, oso ezaguna zen Maria Jesusen katekesiko irakaslea, Elizkaleko Narcisa. "Ziur nago azpeitiar askok oroituko dutela emakume hura".