Hasieratik amaierara

Etenik gabeko abestia. Horixe izan da, orain arte, Maria Jesus Arregi Uzinen bizitza. Musikarik gabe ezingo luke bizi, hala dio azpeitiarrak. Nabari da hori. Gorabehera handiko bizitza izan du Arregik: doinu goxoekin eta tristeekin, erritmo biziekin eta motelekin.

1945eko uztailaren 19an jaio zen Maria Jesus Arregi Uzin, Azpeitian. Bonifacio Arregi loiolatarraren eta Justa Uzin azpeitiarraren alaba zaharrena da. Amaren arbasoak soinujoleak ziren eta aitaren familiakoak, berriz, pandero-joleak. Hortik omen datorkio "musikarako grina"; odolean ere badarama zaletasuna Arregik. Jose Mari Arregi (1947, Azpeitia) anaiak ere Azpeitiko Parrokiako abesbatzan abesten du, hura ere soka bereko haria da. Jenio biziko pertsona, baina erabat sentikorra da hurrengo orrialdeetan ezagutuko dugun emakumea.