Omenaldiak

Hil ondoren Elosun egindako omenaldia, 2008ko azaroaren 1ean. 

Webgune eta aldizkari alternatibo askotan agertu zen bere heriotzaren berri. Honako hau emakume batek idatzitakoa da, egun batzuk beranduago, Berria egunkarian.

"Eskerrik asko, asko ikasi bainian hirekin, garai batean funtsezkoa izan zen borroka antikapitalista eta antiautoritarioan bizi izan zenituzten garai ameslari eta borrokalari haiek gurekin banatzeagatik. Zuek bizitako batallitak entzuten orduak igaro nitian, zur eta lur gelditzen ninduan zein inplikazio maila zenuten garai haietan, borrokan, etengabe, justiziaren alde, kapitalismoaren aurka. Asanbladatan askotan sentitzen nian hire konplizitate begirada emakume bezala, ulertuko bahu bezala zein gogorra zen batzuetan, medio hauetan, emakume izatea. Askotan sentitu nauk ulertua, sentitua, baloratua. Gertu sentitu hindudan orduan, gertu ginenean, astez aste, antolatuz, gizarte suntsitzailearen aurka.

Agur eta ohore, Kabra!" (27).

Hil eta hilabete eskasera omenaldia egin zitzaion Elosu auzoan, azaroaren 1ean, larunbatean. Bezperan eta hurrengo egunean euria gogoz egin zuen, baina egunean bertan eguraldi ederra egin zuen, omenaldia egiteko tartea utziko balu bezala. Kanpotik etorritako jende ugari izan zen bertan. Bartzelonan egin zioten elkarrizketa baten zatiak eman zituzten, bere pentsaera zein zen garbi azaltzen zuena. Bazkari eder baten ondoren, bertsoak eta zer kontatua ez ziren falta izan. Postal bat ere banatu zuten, bere argazkiarekin. Atzean, Olatz Aguadoren irudi bat zekarren, ospitaletik ihes egin zueneko pasadizoa eta data jasoz. Irudiarekin eta Aritz Etxeberria Ministro-ren bertso batekin agurtzen zuten Bernardo Aizpitarte Kabra.

Ezkutuko borroka
eta ilunpea
lagunak, familia
ta hire maitea
haragiaren muga
hezurren katea
begiak estaltzean
nolako bakea
azkenean lortu dek
aske izatea!






(27) Berria, 2008ko urriaren 21a, asteartea, 6. orrialdea, Zuzendariari atalean.