Bernardoren gaixotasuna

Osaba zendu eta gero, haren etxea konpontzen hasi zen Bernardo. Elektrizitate sarea berritzea izan zen lan horietako bat. Lagun batek egin zion hori, Bernardok berak laguntzen ziolarik. Horretan ari zirela, lehenengo atake epileptikoa eman zion Bernardori. 2007ko maiatza zen. Lagunak anbulantziari deitu zion. Hor hasi zen ospitalez ospitale eta medikuz mediku heriotzara eramango zuen Bernardoren bide luzea.

Atake epileptikoak sarriagotzen joan ziren. Lehen lana atake epileptikoak ekiditeko pilula egokienak bilatzea izan zen. Proba askoren ondoren, aurkitu zituzten atake epileptiko haiek saihesteko pilulak. Baina oso arraroa zen. Fisikoki eragozten zizkioten atakeak, baina noizbehinka tarteak izaten zituen inkoherentziak esaten. Hau da, burua joaten zitzaionean, atake epileptiko horietako baten seinalea zen. Ez zion gorputzari eragiten, buruari baizik. Gutxienez, pilulek gorputzari eusten zioten.

Gaixotasuna zela eta, kanpora joateko gero eta kezka handiagoa zuten, noski. Ez ziren lehen bezala ateratzen. Horrek ez du esan nahi kanpora joaten ez zirenik. Bartzelonako lagunek gonbidatuta joan zen bertara. Autonomiari buruzko hitzaldi bat ematera joateko esan zioten. Gaixotasuna ez zen oztopo izan. Ordubeteko hitzaldia eman zuen.

Han tripako minez hasi zen. Erizainak ospitalera bideratu zuen. Apendizitisa lehertuta eta zabalduta zeukan. Berehala operatu zuten. Ahal zen garbiena utzi zuten Bernardoren barrena. Lauzpabost egun egin zituen ospitalean. Gero bertako lagun batzuen etxean egon zen. Eta azkenean anbulantzian etxera. Orduan utzi zuen kioskoa, betiko.

Gerora, bizkarreko minez hasi zen. Ziatika diagnostikatu zioten, eta mina kentzeko pilulak eman. Halere, bi egunetara egundoko minarekin jarraitzen zuen Bernardok. Medikuari deitu zioten etxera joan zedin, eta mina kentzeko erregutu zioten. Zumarragara bidali zuten, probak egitera. Erresonantzia egin zioten. "Hezur metastasia" zeukan, eta ezin jakin non zegoen fokoa. Uztaila zen.

Tratamendua jarri zioten. Erradioterapia jaso zuen abuztuan. Irailean errebisioa zeukan Zumarragako ospitalean. Donostiako onkologikora bidali zuten, eta han bi aste eman zituen. Kaltzio nibelak oso goian zituen. Burua joan egiten zitzaion. Hogeita bost urteko garaira, hain zuzen. Hau da, bere borroka urterik gogorrenetara alde egiten zion buruak.

Bitartean mina kendu ezinik zebiltzan. Hasieran hiru egunean behin morfina partxe bat jartzen zioten. Azkenean, egunero-egunero jartzen zioten partxea. Halere, minik ezin kendu. Matia zentrora eraman zuten. Ezer ezin zela egin adierazi zieten medikuek. Gutxienez minik gabe hil zedila eskatu zioten medikuari. Heriotza duina eskatzen zuen Marijek. Han eduki zuten entxufatuta. Oso tratu ona jaso zutela uste du Marijek. Asteartean, 2008ko urriaren 7an, hil zen. 53 urte zituen.