Osaba Santos zaintzen

Munizipalek abisatu zioten. Osaba anbulatorio aurrean mareatu eta erori egin zela. Hori izan zen osaba Santosen gaixotasunaren hasiera. Bernardo osabaren etxera joaten hasi zen, laguntzera. Noizbehinka hasieran, gero eta sarriago ondoren. Osaba nahiko erreserbatua zen, eta ez zuen jendea bere inguruan ibil zedin nahi. Bernardo bai, osabak nahi izaten zuen Bernardo laguntzera joatea, baina ez beste inor. Gerora Marijeren laguntza ere onartzen hasi bazen ere, Bernardo zen osabaren gustukoa, edo konfiantza handiena ematen ziona, behintzat.

Esan bezala, Bernardo osabaren etxera joaten hasi zen. Komunera lagundu, janaria prestatu, garbitasuna bideratu... Gaixotasunak aurrera egin ahala, gero eta behar handiagoa zuen osabak. Hasieran goizean gosaria ematera joaten zen, eguerdian bazkaria... Denborarekin Bernardo goizean goiz ere joaten hasi zen, kioskora sartu baino lehen. Berdin arratsaldez eta gauez. Azkenean, egunero bost buelta eginez eman zituen Bernardok hiru urte. Kioskora joan aurretik lehenengoa, gosaria ematera bigarrena, eguerdian kioskoa itxi eta bazkal orduan hirugarrena, arratsaldez kioskoa itxitakoan merienda garaian laugarrena, eta ohera joan aurretik afaria ematera bosgarrena. Egunero-egunero gutxienez bost buelta, hiru urte luzez.

Bernardok ezin zuenean, Marije ere joaten hasi zen. Osaba onartzen joan zen Marijeren laguntza.

Hiru urtez Bernardo izan zen osabaren arreta bideratu zuena, ezin izan zuenean salbu. Hil zenean, horrela idatzi zuen bere lagun batek Berria egunkariari bidalitako eskutitzean:

"...Beste Kabra gertuko eta maitagarriak markatu nau gehien. Bere arazoez baino gehiago besteen buruhausteez arduratutako Kabra horrek. Harturiko konpromisoak betetzeko ibili beharreko denborak ardura ez zuen Kabra horrek. Zer esango luke bere heriotzara arte hain ederki zaindu zenuen Santosek? Beste Kabra horrek ez zuen inoiz ahaztu eta bere eskura zegoen guztia egin zuen, duela urte asko, berak behar izan zuenean, lagundu zioten pertsona horien guztien alde" (26). 2007ko urtarrilean hil zen osaba Santos. Hiru urte luzeko lana bukatutzat eman ahal izan zuen Bernardok.




(26) Berria, 2008ko urriaren 12a, igandea, 6. orrialdea, Zuzendariari atalean.