'La Rubia'

Bartzelonan egin zioten elkarrizketaren une bat. 

Dohainen bat baldin bazeukan Bernardok, hori jendearenganako arreta zen. Are gehiago, berarekin hurbileko harremana edo beraiengandik laguntza jaso izan baldin bazuen. Beste aldean ibilitakoan ezagutu zuen Bernardok La Rubia.

Errenteriarra zen. Erizaintza titulua atera zuen Madrilen, eta Parisera joan zen lanera. Han ezagutu zuen bere senarra izango zena. Ezkondutakoan Argelera joan ziren bizitzera, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Han alargun gelditu, eta Hendaiara etorri zen bizitzera. Seme-alaba zaharrenak 14 urte besterik ez zituen senarra hildakoan. Nahi izan zuen erizain titulua Frantzian homologatzea, baina agiria galduta zeukan, eta ezin izan zuen. Gerora, Donibaneko ospitalean, geriatriako sailean, hasi zen lanean, jubilatu arte.

Kabrak beste aldera bigarrengoz joan zenean ezagutu zuen. Lagundu egin zion, eta elkar oso ondo hartu zuten. Bigarren ama bezalakoa izan zen Bernardorentzat. Eta horrelakoetan, Bernardo harremana bizitza osoan mantentzen saiatzen zen. Berdin gertatzen zen ospitalean ezagututako Lazkaoko familia batekin. Bernardo bizi zela mantendu egin zuten harremana, eta gaur egun ere Marijek eutsi egiten dio. Bernardo horretan saiatzen zen.

Bernardok txikitatik ezagutu zituen La Rubiaren umeak, eta amari "Kabrarekin goaz" esanez joaten ziren berarekin. Eta esan bezala, elkar oso ondo hartu zuten eta harreman ona izan zuten. Gerora, hilean behin bisitatzera joaten saiatzen ziren. Asko eman, eta La Rubiak gutxi jaso izan zuen ustea zeukaten Bernardok eta Marijek. Askok Iparraldea erabili eta erre egin dutela uste dute, eta gero ahaztu. Betebeharra izango balitz bezala. Jendeak ez dio eskertu egindako lana, eta Hegoaldera etorri eta gero gehienek ez diote bisitarik egin. Ez zen hori Bernardoren kasua.

Donostiara ere etorri zen bizitzera La Rubia. Bernardok etxeko giltza zuen, eta bisitan joandako batean atea ireki, eta zartagina sutan aurkitu zuen, etxe osoa suak hartzeko zorian. Orduan alabaren etxera joan zen La Rubia, Hendaiara. Han bizi da orain, eta Marijek harremanari eusten dio.