Irteera kolektiboaren aukera

Preso milien kolektiboan, eta orohar ezker abertzaleko jendearen artean, borroka armatuaren amaiera halabeharrez negoziazio baten ondorio izango zela uste zuten. Ezker abertzaleak eta preso milien kolektiboak garbi zeukaten ETA (m) erakundearen eta Espainiako Gobernuaren artean negoziazioa izango zela, eta akordioa lortu ondoren presoak kalera aterako zirela. Argeleko negoziazioak 1989an burutu ziren ETA (m) eta Espainiako Gobernuaren artean. Lehenengo negoziazio hori porrotarekin amaitu zen. Ez zen akordiorik lortu.

Pasaiako hilketen ondoren, Komando Autonomo Antikapitalisten jarduera ia amaitutzat eman daiteke. Ekintza armatuen gainbehera izango da, desagertzeraino. Ekintza batzuk izan ziren, oihartzun gutxi izan zutenak. 1986ko apirilean izan zen azkeneko errebindikazioa. Ordutik aurrera ez da komando autonomoen ekintzarik agertzen. Hilik ez zirenak, preso zeuden edo beste herrialde batzuetara kanporatuak izan ziren. Eta autonomoen presentzia zuten borroka sozialak gutxituta zeuden, gehienak borroka armatuaren ekintzetan erreta zeudelako. Autonomoen mailan, ez zegoen negoziatuko zuen talde armaturik, ez babes sozial nahikorik.

Negoziazio baten aurrean zein izango zen beraien jokabidea? Kabrak berak, Alcalako kartzelan zegoela, idatzia prestatu zuen beste preso autonomo batzuekin, beraien iritzia emateko. Ez zen, noski, ezker abertzalearekin batera joatearena. 1983ko urtarrila zen. Ondorengo beste idatzi batzuetan, batzuek balizko negoziazio horien arabera emandako akordioekin bat egitea proposatu zuten, baina gehienek diskurtso ezberdina mantentzea onartu zuten, ez zetozelako bat ezker abertzalearen ideologiarekin.

1991ko udaberrian, Autonomoetaz eztabaida txostena zabaldu zen. Bertan, preso autonomoen irteera kolektiboa planteatu zen. Udan, preso batek eskutitza luzatu zuen: "Presoek eta errefuxiatuek lehenaren ondorioa gaur egunean pairatzen dute, gerorako ikuspegirik gabe" (20). Ordurako bost urte ziren batere ekintzarik gabe.

Eta irteera kolektibo horretarako aukera bat zabaldu zela uste izan zuten. Preso autonomo batek familia artekoa zuen PSOEko senatari bat. Familiako kontaktuen bidez, senatari horrek Gobernua harremanak hasteko prest egon zitekeela adierazi zion preso horri. Eztabaida zabaldu zen. Kanpoko jendearen artean lehenbizi, errefuxiatuen eta presoen artean gero. Halere, koordinazio arazo handiak zeuden. Presoak, sakabanatuta. Kanpoko jendea, batzuk "lagunen eta senideen taldea" edo "familiarrak" deitzen zitzaion taldean, baina beste asko antolatu gabe. Errefuxiatuak, urruti.

Kontsulta batzuk egin ondoren, hasierako kontaktua egitea erabaki zen, eta eztabaida esparru guztietara zabaltzea. Ez zen negoziazio modura planteatu, eztabaida ez zen sekula horraino heldu. Irteera kolektibo bat bideratzeko aukera zen ustez jokoan zegoena. Kabra hori guztia koordinatzen saiatu zen. Kartzelan zeuden preso guztiak bisitatzen saiatu zen. Venezuelara eta Mexikora bidaiak egin zituen, hango errefuxiatuen iritzia jasotzeko. Hori guztia, baina, ezinezkoa izan zen, nahaste handia sortu zen. Horrela dio hasierako kontaktua egin zuen presoak:

"Luzaroan saiatu naiz preso autonomoen artean eztabaida sor dadin, ideiak argitzeko, ez baitzegoen iritzi bateraturik eta, are gehiago, batzuetan elkarren aurkako jarrerak sortzen ziren... poztu egin nintzen behingoz jarrera komun bat hartzeko ahalegina ikustean.

Gobernuarekin harremanetan jartzeko eskatu zitzaidanean horrela egin nuen. Eskaini zitzaidana espetxe batean, ziur aski Langraitzen, preso autonomo guztiak batzeko aukera besterik ez zen izan. Horrela Gobernuarekin balizko irtenbideei buruzko elkarrizketa bideratuko genukeen, bai presoentzat bai errefuxiatuentzat. Irtenbideak asanbladan eztabaidatuko ziren, jarrera bakarra hartu nahian.

Harridura sortu zitzaidan guztia lehertu zenean. Zenbait preso harremanetan hasi ziren, bai beraien kontura bai espetxeetako zuzendariek galdetuta, errespetatu gabe, eta nik uste hala behar zuela, nire hasierako ordezkaritza. Iritzi batasuna galdu egin zen.

Jendeak ez zekien harremanak oso-oso hasierakoak zirela, ezer garbi izan gabe, eta guztia espetxean egin beharreko preso autonomoen asanbladaren menpe. Nik eman baldin banion hasiera elkarrizketari, nire solaskidetza errespetatu behar zen, beste norbait izendatu arte. Ezin dira solaskide bat baino gehiago izan, bakoitza irtenbideari buruzko bere ikuspegi bereziarekin hitz egiten administrazioarekin" (21).

Dena okertu egin zen. Harremana bideratzea onartuta zegoen, baina Madrilek begirada lau pauso aurrerago jarri zuela dirudi. Proposamena zen preso autonomo guztiak Langraitzen elkartzea, han asanbladak egiteko eta denen adostasunean erabakiak hartzeko. Eta kanpoko jendeari erraztasunak ematea barruko jendea bisitatzeko. Hori guztia, baina, ez zen gertatu, eta azkenean inork ez zekien gauzak nola zeuden. Nahasteak barruko jendearen arteko haserreak ere sortu zituen. Bideratzen saiatu ziren, baina alferrik.

Egoera horretan, batzuk ("mugimendu armatu honetan parte hartu zuten eta gaur egun erbestean dauden pertsonak") (22) Egin egunkariarekin harremanetan jarri ziren prozesu guztia boikotatzeko. Egineko titularra oso maltzurra zen: "Gobernua egitasmoa prestatzen ari da, Komando Autonomoetako presoak damu daitezen lortzeko" (23). Eta Kabra egiten zuen operazioaren buru. Berehala etorri zen "Komando Autonomoetako preso eta errefuxiatuen lagunen eta senitartekoen batzordea" (24) taldearen erantzuna, Egin-ek zioena ukatuz. Gero Kabra beraren erantzuna etorri zen.

"Kabrak adierazi du bere lan bakarra taldean dagoen eztabaida koordinatzea besterik ez dela izan, eta bera ez dela bergizarteratzea deiturikoaren alde azaldu. Zehaztu du badela presoen ustezko irtenbide duin bati buruzko eztabaida, baina gaineratu du honi buruz ez dagoela inolako jarrera finkorik" (25).

Alferrik. Eztena gero eta barrurago sartuta zegoen. Bidea itxita geratu zen. Ez zen Egin-ek maltzur jokatzen zuen lehenengo aldia. Presoek kondenak oso-osorik bete beharko zituzten. Sekula ez zen bergizarteratzearen bidea onartu, ez aurreko eztabaidetan, ez oraingoetan. Bestelako irtenbide kolektibo baten aukera amaitu egin zen. Kabrak min handia hartu zuen, ez zuen espero batzuek jokatu zuten bezala jokatzea, are gutxiago bera horrela zikintzea, eta batzuenganako etena sortu zen luzarorako.





(20) "Los presos y refugiados sufren en el presente algo del pasado pero sin perspectivas de futuro".

.G. T. preso autonomoak 1991ko udan laguntza taldeei bidalitako gutuna.

(21) "Durante mucho tiempo intenté que se creara un debate dentro de los presos autónomos para clarificar ideas, porque no existía una unidad de planteamientos y a veces se daban posturas contradictorias (...) para mi fue un auténtico placer ver que por una vez se intentaba adoptar una postura común.

Una vez que se me instó a establecer contactos con el Gobierno, lo realicé. Lo único que se me planteó era la posibilidad de juntar a todos los presos autónomos en una prisión, Nanclares posiblemente, para iniciar un diálogo con el Gobierno sobre posibles salidas, tanto para presos como refugiados, que se discutirían en asamblea, con el fin de adoptar una postura...

Mi sorpresa fue cuando el tema se disparó. Varios presos iniciaron contactos por separado, bien a iniciativa propia o preguntados por directores de las prisiones, sin que se respetara, como creo debía de ser, mi inicial representación, con lo que se perdió la unidad de criterio... La gente estaba desinformada de que eran contactos muy preliminares, sin nada claro y todo supeditado a una asamblea en una prisión de los presos autónomos. Si inicialmente inicié el diálogo se tenía que haber respetado mi interlocución, hasta que otro hubiera asumido ese papel. No puede haber varios y cada uno hablando con la Administración de su visión particular al respecto".

.G. T. preso autonomoak 1992ko udan laguntza taldeei bidalitako gutuna.

(22) "...personas que participaron en este movimiento armado y que se encuentran exiliadas".

Egin, 1992ko apirilaren 1a, asteazkena, 3. orrialdea.

(23) "El Gobierno prepara una operación para conseguir que los presos de los Comandos Autónomos se arrepientan".

Idem., 3. orrialdea.

(24) "Comisión de amigos y familiares de presos y refugiados de Comandos Autónomos".

Egin, 1992ko apirilaren 4a, larunbata, 12. orrialdea, eskutitzak atalean.

(25) "Kabra ha manifestado que su única labor ha sido la de coordinar un debate que existe en este colectivo y que él no se ha pronunciado en favor de la llamada reinserción. Indica que sí hay una discusión sobre una hipotética salida digna de estos presos, aunque matiza que no existe ninguna posición en firme a este respecto".

Egin, 1992ko apirilaren 9a, osteguna, 11. orrialdea.