Hausnarketak

Borroka armatua amaitua zegoen. Baina Bernardok jarraitzen zuen autonomiari buruzko hausnarketak egiten. Baita ordura arte egindako ibilbidearena ere, noski.

Liburu honetako pasarte gehienak garai hartan egindakoak dira. Arloka banatu baditugu ere, autonomia beti azalduko da borroka sozialekin lotura estu-estuan. Hauek ere bere hitzak dira:

"Iharduera autonomoak borroka sozialak bide berrietatik eramango ditu, eta gaur egun gure filosofiatik kanpo edo urrunekoak diren arloetan borroka berriak ikusiko dira, 1978an gertatu bezala" (18).

Emakumeak, gazteak, soldaduska... dira horietako arlo batzuk. Elkarrizketa batean jasotakoak dira honakoak:

"Urte hauetan ikusten dinagu arazo berriak eta borroka mota berriak agertzen direla maila sozialean eta gero eta zatiketa handiagoa dugula mugimendu abertzale klasiko eta mugimendu autonomo bezala ezagutzen genituenen artean, ideologikoki baino gehiago, hasiera batean behintzat, eguneroko bizitzako borrokan" (19).

Pasaiako hilketen liburuan (1984ko martxoaren 22an Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militante hil zituzten, tartean Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak; 2003. urtean argitaratu zen liburua) sarrera egiten duen mugimendu autonomoaren historia berak idatzi zuen. Zenbait artikulu ere idatzi zituen. Harremana zuen hemengo eta kanpoko mugimendu autonomoekin, bereziki Bartzelonako lagunekin. Hitzaldiak ere eman zituen han eta hemen. Bartzelonan apendizitisa sortu zitzaionean, hitzaldi bat ematera joana zen. Ordubeteko elkarrizketa ere grabatuta geratu zen. Hausnarketak, bereziki autonomiaren hausnarketak, ez zuen etenik izan Bernardoren bizitzan.




(18) "La dinámica autónoma acarreará nuevos derroteros a las luchas sociales y se verán nuevas luchas de sectores que hoy en día nos son ajenos o extraños a nuestra filosofía, como nos ocurrió en el año 1978 con los sectores que hemos mencionado anteriormente".

113, Pasaiako sarraskiaren kronika (ez dakar egilerik). Hemeretzigarren urtemugaren omenaldirako argitaratutako liburua, beraz, 2003koa. Ez dakar ez editorialik, ez bestelako erreferentziarik. 81. orrialdea.

(19) Pasaiako sarraskiaren XIV. urtemuga. Azpeitin agerkaria. Beraz, 1998 urtekoa. Ez dago beste erreferentziarik. Aldizkaria zenbakitu gabe dago, baina aipamena 6. orrialdean agertzen da.