Kioskoa

Kabra plazako kioskoan. 

Ordurako Marije bikotekideak kioskoan egiten zuen lana. Bernardoren osabak norbait behar zuen, eta Marije hasi zen lanean bertan, 1990ean. Inprenta itxi eta gutxira, Bernardo Marijeri laguntzen hasi zen kioskoan. Marije ondoezik zenean, Bernardo joaten zen, eta txandaka bada ere, bien artean soldata bat ateratzeko modua egiten zuten.

Goizeko 05:30erako joan behar izaten zuten, eta goiz eta arratsalde izaten zuten irekita kioskoa. Poliki-poliki Bernardo gero eta gehiago joaten zen kioskora. Marijek beste asmo batzuk ere bazituen, eta 1992an denda zabaldu zuen lehen inprenta zegoen lekuan.

Orduan Marijek kioskora joateari utzi zion, eta Bernardo gelditu zen kioskoan, Marijeren lekuan. Osabarekin tratua egin zuen, hilean alokairu bat ordainduta. Horrela, urte batzuk egin eta gero, osabak eskualdatu egin zion negozioa, eta kioskoa Bernardoren izenean geratu zen. Han jarraitu zuen, gaixotasunak galarazi zion arte. Uztarria aldizkariak elkarrizketa egin zion 2006ko urtarrilean, 69. zenbakian. Bertan aipatzen du Elizkaleko denda itxitakoan hasi zela lanean kioskoan, eta hamalau urte daramatzala. Txikitako ametsez galdetzen dio kazetariak, eta honakoa izan zen Bernardoren erantzuna: "Lehen ez zunan orain bezala. Orduan oraingo aldean aukera gutxi zegonan". Eta garbi adierazten du zer ez zuen izan nahi: "Garbi nuen futbolaria edo horrelako ezer ez nintzela izango behintzat".