Askatasuna

Kartzelatik irten berritan, gurasoekin Xoxoten. 

Sei urte egin zituen Bernardok kartzelan. Kondena handiagoa zen, baina sententzia orrietan akatsa zegoen, eta bi kargutatik bat transkribatzea falta zen. Transkripzioa egin zuenak itxuraz atal bat sartzea ahaztu egin zuen, eta kargu horietako bat idatzi gabe gelditu zen. Abokatuaren esanetan, Bernardok zortea izan zuen aldi bakarra izango zen. Baina ez zen zorte makala izan ordukoa. Kontua da behar baino lehenago atera zela kartzelatik. Azpeitira itzuli, eta Danonan hasi zen berriro lanean. Gizarte Segurantzan 1985eko azaroaren 1ean eman zioten alta. Azken aldia izango zen.

Bernardok ez zuen gustuko langilea jabearen menpe egituratzen zen gizartea. Ezta kooperatiba eredua ere. Han ere arduradunak eta langileak zeuden. Itxuraz denak ziren bazkide, baita Bernardo ere, baina ez denak berdinak. Bazkideen artean ezberdintasunak ikusten zituen Bernardok, eta ez zegoen batere gustura. Horrela, kooperatiba uztea erabaki zuen. Eta Elizkalean, Oriyonekoen etxean, aitak ikatz biltegia eta tornulari tailerra izan zuen lekuan inprenta zabaldu zuen. Joxe Manuel anaia eta bien artean zabaldu zuten. Sarreran denda zeukaten, eta atzean kopistegia.

Makinak Bilbotik ekarri zituzten, itxitako beste inprenta batetik. Handia zen, eta grua batekin atera behar izan zuten. Gero denda berrian sartzeko kristala kendu eta rodiloekin sartu behar izan zuten atzeko partera.

Beti izan zuen gogoko inprentako lana. Agian Urbigainen multikopista izan zuen garaian gustura aritu zelako. Marije bikotekideak dio liburuak "tragatu" egiten zituela. Gainera, bere kontura egiten zuen lana, eta ez zuen nagusi baten menpean egon beharrik. Ilusioa zeukan, baina hori ez zen nahikoa izan. Bi edo hiru urte iraun zuen inprentak. Egia esan, ez zuen ondo funtzionatu. Azpeitian ez zegoen lekurik inprenta txiki baterako, eta itxi egin behar izan zuten. Ustez pozik har zitzaketen zenbait lekutara bidali zituzten liburuak eta materiala.