Kartzelaz kartzela

Kabra Alcala kartzelako gelan. 
Alcalako patioan lagunekin. Kabra ezkerretik aurrena. 

Kartzeletako ibilbidea hasi zuen orduan Bernardok. Hasieran Langraitzera eraman zuten, eta gero Soriara. Sorian bilduta zeuden garai hartako preso politikoak. Oraindik ez zegoen are gehiago zigortzeko asmatu zuten dispertsio madarikatua. Presoak erakundeka banatuta zeuden, eta komando autonomoetakoak denak elkarrekin. Pasillo handi batean zeuden miliak, beste batean poli-miliak, eta hirugarrenean autonomoak. Pasillo horietan banatzen ziren gelak zabalik egoten ziren. Beraiek antolatzen zuten denboraren banaketa, sukaldea, zerbitzuak, etab. Han saiatu ziren beraien antolaketa eredua praktikan ipintzen. Orduan espetxeetako funtzionarioek zaintzen zuten kartzela, baina gero polizia nazionala sartu zuten. Orduan espetxeko baldintzak gogortu egin ziren, zailagoa egin zen presoen autoantolakuntza. Gero Alcalako espetxera bidali zuten Kabra.

Alcalan ez zegoen Sorian zegoen autoantolakuntzarako aukerarik. Zailtasunak zailtasun, Kabra saiatu zen eztabaidetan parte hartzen, eta hausnarketak bideratzen. Gelditu diren idatzi gutxi horien artean, bada aldizkari baten beharra aldarrikatzen duenik. Erdaraz idatzita dago, eta proposamenen artean honakoa dago:

"...aldizkaria, non jende autonomoaren arteko eztabaidak jasoko diren, non jendeak nahi duenari buruz askatasun osoz idatziko duen; autonomiaren arloan dauden borroka esperientzia ezberdinak idatziz jasoko lirateke... Mugimendu Autonomoko jendearen laguntza eta parte-hartzearekin.

Aldizkari honek antolaketa guztiz asanblearioa izan beharko luke, eta bertan ez da izango ez inongo zentsurarik, ez inolako erredakzio kontseilurik. Aldizkari horrek borroka eta mugimendu horien guztien adierazpidea izan behar du, eta ez betikoek sortutako aldizkari teoriko hutsa" (15).

Gero proposamenari honakoa eransten dio: "Berez antolaketa modu hau izan da dagoeneko Urolaldeko aldizkari baten. Iritziak izenekoari buruz ari gara" (16).

Ez zen Bernardo geldirik egotekoa. Baina bada erreferente garrantzitsua izan eta berak parte hartu ezin izan zuenik. Gerraundi baserrian bizitzen jarri zen talde handi bat, bizimodu berri bat praktikan jartzeko asmoz. Komuna deitu izan zaion esperientzia hura beti famatu izan zuen Bernardok, eta historia hura idatziz jartzeko asmoa ere bazuen. Ez zuen astirik izan, baina idatzita utzi zuen bere iritzia elkarrizketa batean.

"...esperientzia garrantzitsuenetako bat 1978. urtean gertatzen dun Azpeitian eta gure dinamika berri hauen ondorio bat izan zela ezin ukatu daitekeena. GERRAUNDIko esperientzia ezin dezakegu inolaz ere alde batera utzi: honek bai geuri eta bai herri mailan kontradikzio pila bat kaleratu zizkinan, bai erlazio mailan, baita bizitzeko era desberdinean ere. Gerraundi Azpeitian zegoen baserri bat zunan, alokairuan hartu zena eta gazte batzuek bertan bizitzen jarri zirena. Kontuan izan behar orain dela hogei urteko istorio batez ari garela, eta garai haietan ez zela batere erraza etxetik irten eta gazteek elkar bizitza komun bat egitea... ikusiz garai haietan KOMUNA arazo hori nahiko despektiboki agertzen zela herriaren aurrean. Eta komuna honetan bizi zirenek denek kaxa komun bat zutenez, lan egiten zutenek beren sosak kaxa horretara botatzen zizkinaten eta lan egiten ez zutenek diru beharra izanez gero, kaxa horretatik hartzen zutela dirua, hau orduan nahiko esperientzia ona izan zela eta era berean gogorra herriko jendeak ulertzen zuelako denak batera bizitze hori kontzeptu despektiboenean. Eta gure artean ere kontradikzio batzuk apurtzeko balio izan zuela ezin ukatu" (17).




(15) "...una revista donde se reflejasen los debates entre la gente autónoma, donde la gente podría escribir libremente sobre lo que le parezca; sería una plasmación escrita de las diferentes experiencias de lucha existentes dentro del espectro de la autonomía... con el apoyo y con la participación mayoritaria de la gente del Movimiento Autónomo. Esta revista debe de tener un funcionamiento totalmente asambleario, y en ella no debe de existir ningún tipo de censura ni ninguna forma de Comité de Redacción. Que esa revista sea una expresión de esas luchas y esos movimientos y no simplemente una revista teórica elaborada por los de siempre".

Sobre la revista, 1982ko urrian bidalitako gutuna.

(16) "Este funcionamiento ha existido ya de hecho en una revista de la zona del Urola. Nos referimos a los IRITZIAK".

Sobre la revista, 1982ko urrian bidalitako gutuna.

(17) Pasaiako sarraskiaren XIV. urtemuga. Azpeitin agerkaria. Beraz, 1998 urtekoa. Ez dago beste erreferentziarik. Aldizkaria zenbakitu gabe dago, baina aipamena 3. orrialdean agertzen da.