Iparraldera berriro

Ospitaletik ihesi Iparraldera joan zen Bernardo. Guztiz sendatu gabe zegoenez oraindik, Baionako ospitalean sartu zuten. Hilabete eta erdi eman zuen bertan, eta Hendaian geratu zen gero, errehabilitazioa bertan egiteko. Eta handik Parisera. Irrati libreen funtzionamendua ezagutu nahi zuen. Bolada bat egin zuen Parisen, dokumentu faltsuekin atxilotu zuten arte. Epaiketa bat ere zain zeukan oraindik. 1975ean, Txiki eta Otaegiren aurkako epaiketa garaian, Molotov koktela bota zuten Espainiako enbaxadaren aurka, Hendaian. Aspaldiko kontua zen, errefuxiatuta ibili zen lehenengo aldikoa. Gertaera horiek guztiak amnistiatuta zeuden Espainiako estatuan, baina ez Frantziako estatuan. Horrela, Bernardoren kontrako agindua zegoen indarrean, eta Parisen zegoela atxilotu egin zuten. 1979ko otsailaren 10a zen.

Parisen izan zuten preso. Bernardok beste izen bat zeukala esaten zuen, dokumentu faltsuetan agertzen zena, eta bera ez zela Bernardo Aizpitarte hori. Abokatua joaten zenean ere beste izen horregatik galdetzen zuen, jakinik hala ere Bernardorengana zihoala. Baionan epaitu zuten, 1979ko uztailaren 26an. Okerreko identitatearen kontuak ez zion ezertarako balio izan Bernardori. Sei hilabetera kondenatu zuten. Handik gutxira atera zen kartzelatik.

Dena dela, ezin zuen Frantziako estatuan gelditu. Kartzelan zegoela, martxoaren 8an, hainbat lagunek Frantziatik kanporatzeko agindua jaso zuten, tartean Bernardok. Iparraldean, eta Frantzia osoan, klandestinitatean gelditu beharko zuen. Estatu espainolean sartu-irtenak eginez aritu zen garai horretan.