Atxilotua

Amarekin, Beasaingo San Miguel klinikan. 
Olatz Aguadoren marrazkia, Bernardoren ihesa irudikatuta. 

Ordizian, 1978ko martxoaren 4an, goizeko 08:30ean, komandoko bi kidek lapurtutako auto batekin istripua izan zuten, zubi baten gainean zintzilik gelditu zirelarik. Une horretan Guardia Zibilaren jeep-a pasatzen ari zen bertatik, eta ihes egiten saiatu ziren. Guardia zibilek tirokatu egin zituzten. Komandoko kideak ihes egitea lortu zuen, baina Bernardo zauritu egin zuten. Halere, trenbidera salto egitea lortu zuen, baina harrapatu egin zuten. Honakoa, informazio ofiziala. Zehaztasunetan sartuta beste era batera ulertuko dugu gertatutakoa.

Ekintza bat prestatu zuten, eta Ordizian, errepide nazionalera ateratzen zen stop batean jarri ziren. Iritsitako lehenengo autoa pistolaz mehatxatu eta gidariari irteteko agindu zioten. Gidariak umearekin ospitaleko larrialdietara zihoala adierazi zien, umea gaixorik zegoelako, eta mesedez joaten uzteko erregutu zien. Baita utzi ere! Atzetik zetorren bigarren autoa gelditu, pistolarekin txoferra mehatxatu, autotik irtenarazi, eta beraiek sartu. Nazionalera irtetean konturatu ziren poliziaren auto bat zetorrela bertatik. Konturatu egingo zirelakoan, lehenbailehen alde egiten saiatu ziren, baina istripua izan zuten. Lehenengo autoa hartu izan balute, horrelakorik ez zen gertatuko. Suertea bilatu egiten omen da, eta Bernardok ez zuen ahaleginik egiten horretan, baina bizitzan ere ez zuen zorte handirik izan, zoritxarrez. Bere abokatu Xabier Aranburuk zioen sekula ez zitzaiola otuko loterian Bernardoren zenbaki berbera jokatzea.

Istripuaren ondorioz, zaurituta gelditu zen Bernardo, eta Beasaingo San Miguel klinikara eraman zuten. Han operatu egin zuten, eta hilabeteak egin zituen osatzen. Ama egunero joaten zitzaion bisitan, eta gauak txandaka egiten zituzten anaiak eta osabek. Martxoan sartu, eta uztailean oraindik ospitalean zegoen.

Anaiari tokatzen zitzaion batean, joan beharrik ez zeukala adierazi zion Bernardok. Joxe Manuel ez zen joan. Hurrengo egunean ama eta osaba bat agertu ziren ospitalera. Bi guardia zibil izaten ziren ate aurrean zaintza egiten. Haiei kasu egin gabe barrura sartu ziren. Eta Bernardo falta. Gelatik atera eta, guardia zibilei ezer esan gabe, erizainengana joan ziren. Erizain batek fitxa begiratu, eta egitekorik ezer ez zuela ikusita, gelan behar zuela erabaki zuen. Halere, medikuarengana jotzea pentsatu zuten. Medikuak ezer ez zekiela ikusita, orduan konturatu ziren gertatuaz. Horregatik esan zion Bernardok anaiari ez joateko. Medikuak isilik egoteko esan zien denei, eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeko. Eta ezer esan gabe ospitaletik alde egin zuten.

Bernardok soka lotu, leihotik irten, eta sokatik behera egin zuen. Lehenengo pisuan ginekologia gela zegoen, eta emakume haurdun bat zegoen hanka zabalik, Bernardori bizkarra ematen. Beraz, emakume hark ezin zuen Bernardo ikusi, baina bai ginekologoak. Harrituta, begiak zabal-zabalik geratu zen, Bernardori begira. Honek ikusi, eta atzamarrarekin isilik egoteko agindu zion. Keinu eginez baietz erantzun zion ginekologoak. Beheraino jaitsi, eta lagun bat zuen zain Bernardok. Berarekin joan zen, goizeko ordu txikietan. Horrela, ama eta osaba iritsi baino lehen Bernardo urruti samar zegoen ordurako.

Zaintzan zeuden guardia zibilek gerora jakin zuten zerbait arraroa gertatzen ari zela. Galdezka hasi, eta Bernardo falta zela konturatu ziren. Inork ez zien ezer esaten, denak ezjakinean zeudela ematen zuen. Halako batean, leihotik behera zintzilik zegoen kordela aurkitu zuten. Orduan konturatu ziren Bernardok ihes egin zuela. Baina berandu zen. Bernardo ezkutuan zegoen ordurako. 1978ko uztailaren 18a zen.

Hurrengo egunean garaiko prentsak bere erara jaso zuen gertatutakoa. El Diario Vasco egunkarian, uztailaren 19ko zenbakian, azken orrialdean, azken orduko atalean, Bernardo Aizpitartek Beasaingo klinikatik ihes egin du (10) izenburua ipini zioten berriari. Besteren artean, honela zehaztu zuten gertatutakoa:

"...Zaintzako sendagilea eta gaztearen ama eta osaba bat zortziak eta laurden aldera konturatu ziren ihesa gertatu zela. Bernardo Jesusen senitartekoak bisitan joan ziren klinikara, eta ordubete zain eman zuten, klinikako beste sailen batean zegoelakoan, agian erradiografiak egiten.

Agertzen ez zenez, zaintzako sendagileari galdetu zioten. Honek adierazi zien ez zuela ezer egiteko hitzordurik, eta gaixoak gelan behar zuela zehaztu zuen.

Gela aztertu, eta leihotik zintzilikatutako soka aurkitu zuten. Soka kalerainoko, lurrerainoko, luzerakoa zen. Gaztea zegoen gela 8-2.a zen, lehenengo solairuan. Uste da soka kalera jaisteko erabili zuela.

Bi guardia zibilek etengabe zaintzen zuten gela, ate kanpoaldean, pasilloan. Kalean ere, klinikatik kanpo, Guardia Zibilaren jeep-a izan ohi zen aparkatuta, hau ere zaintza lanetan..." (11).

La Voz de España egunkariak ere uztailaren 19ko azken orduko atalean ekarri zuen albistea, Beasain: ETAko ustezko militante batek ihes egin du klinikatik (12) izenburuarekin. Hona deskribapena:

"...Arratsaldeko zazpiak eta laurden aldera, Bernardo Aizpitarteren ama eta osaba bat bisitan joan zitzaizkion aipatutako klinikara. Gelan ez zenez, mediku azterketaren bat izango zuela uste izan zuten.

Ordubete itxaron ondoren, kezkatu eta zaintzako sendagilearengana joan ziren, non zegoen galdezka. Sendagilea harritu egin zen, ez baitzegoen Bernardok egin beharreko azterketa medikurik. Berriro logelara joan ziren, bertaratu ote zen begiratzera.

Gaixoa ez zela bertan konturatu zirenean, zaintzako sendagileak guardia zibilei abisu eman zien. Hauek zainketarako jeep-a zuten gelako leihoaren azpian, hain zuzen, Aizpitarte zegoen gelaren parean.

Lekua aztertu, eta nailonezko soka berdea aurkitu zuten. Soka klinikako alboko teilatu batetik zintzilik zegoen..." (13).

Bada aldea bertsio batzuen eta besteen artean!




(10) "Bernardo Aizpitarte escapó de la clínica de Beasain".

El Diario Vasco, 1978ko uztailaren 19an, azken orrialdean.

(11) "La fuga fue descubierta hacia las ocho y cuarto de la tarde por el médico de guardia y la madre y un tío del mencionado joven. Los parientes de Bernardo Jesús habían acudido a la clínica a visitarle y esperaron al joven durante casi una hora, pensando que éste estaría en otro departamento posiblemente haciéndose radiografías. Al ver que no regresaba, preguntaron al médico de guardia y éste especificó que el paciente debería hallarse en su habitación, pues no estaba previsto realizarle ningún tipo de placa.

Examinada la habitación, se descubrió una cuerda atada a la ventana y que descendía hasta el suelo. La habitación que ocupaba el citado joven era la 8-2.ª de la primera planta, por lo que se supone que aquél se descolgó por medio de la cuerda.

Una pareja de la Guardia Civil vigilaba constantemente desde el pasillo la citada habitación. Asimismo, un jeep del citado cuerpo solía hallarse estacionado habitualmente en el exterior de la clínica también en servicio de vigilancia".

El Diario Vasco, 1978ko uztailaren 19an, azken orrialdean.

(12) "Beasain: Presunto militante de ETA fugado de una clínica".

La Voz de España, 1978ko uztailaren 19an, azken orrialdean.

(13) "Sobre las siete y cuarto de la tarde, la madre y un tío de Bernardo Aizpitarte se dirigieron a visitarle en la citada clínica. Al no verle en la habitación supusieron que se trataba de algún examen médico que le estaban realizando.

Tras una hora de espera, se impacientaron y se dirigieron al médico de guardia para preguntar dónde estaba. El médico en principio se extrañó, ya que a Bernardo Aizpitarte no se le tenía que efectuar ningún examen médico, por lo que se dirigieron a la habitación de nuevo para ver si había regresado.

Una vez allí, y al darse cuenta de que realmente el enfermo no estaba en la habitación, el médico de guardia dio inmediatamente aviso a las fuerzas de la Guardia Civil que tenía aparcado un jeep de vigilancia justo debajo de la ventana de la habitación donde se encontraba ingresado Aizpitarte.

En un reconocimiento del lugar se encontró una cuerda de nylon verde que colgaba de un tejadillo de uno de los laterales de la clínica".

La Voz de España, 1978ko uztailaren 19an, azken orrialdean.