Borroka armatua

Langileen borroka bultzatu beharra zegoen, eta borroka armatua beste borrokak laguntzeko tresna moduan ikusten zuten.

Halere, poliki-poliki borroka armatuaren dinamika halabeharrez nagusitzen joan zen. Bernardo ez zen atzean gelditu. Horrela idatzi zuen Bernardok berak orduko prozesua:

"...borroka autonomoaren barruan, beste eztabaida bat sortu zen, oso garrantzitsua izango zena eta, luzera, kaleko jendeak autonomiarekin identifikatuko zuena: borroka armatuaren beharrezkotasuna. Honek, ordura arte zegoen borroka armatu klasiko eta antolakuntza leninistatik kanpoko beste borroka armatu bati buruz eztabaidatzea suposatu zuen. Horrela sortu zen 1977 urtearen amaieran eta 1978 urte hasieran borroka armatua ulertzeko beste ikuspegi bat: Borroka armatua herri borroka da.

Hasieran, gai sozialekin harremana zuten ekintzak proposatu ziren (urbanismoa, Iberdueroren kontra Lemoizen aurkako kanpainan...) eta herritar xumeek ulertzeko modukoak" (5).

"Garrantzi handia ematen zitzaion ekintzek benetako ikuspegi autonomoa erakuts zezaten" (6).

"Geroxeago, ekintza gehiago izan ziren eta ekintza batek beste bat zekarren, eta azkenean, gero eta selekzio gutxiago egitera eta borroka armatuaren inertziak berak ia-ia errepresioaren aurkako ekintzetara mugatzera eraman zuen, borroka armatu autonomoaren ikuspegia zapuztuz" (7).

"Dinamika honekin mugimendu sozialaren eta armatuaren arteko lotura etetera iritsi zen. Komando Autonomo Antikapitalisten borroka armatuarekin gero eta gehiago identifikatzen gaituzte eta ez gure borrokaren oinarri izan behar duten borroka eta mugimendu sozialekin" (8).

"Helburua ez zen beste talde armatu bat sortzea. Borroka armatua ikusten zuten borrokarako beste tresna bat gehiago bezala (ez garrantzi gehiagokoa eta ez gutxiagokoa) eta ideologikoki borroka autonomo sozialekiko loturarekin" (9).

Borroka armatuaren hautua eginda zegoen.




(5) Idem., 12-13. orrialdeak.

(6) Pasaiako sarraskiaren XIV. urtemuga. Azpeitin agerkaria. Beraz, 1998 urtekoa. Ez dago beste erreferentziarik. Aldizkaria zenbakitu gabe dago, baina aipamena 8. orrialdean agertzen da.

(7) 113, Pasaiako sarraskiaren kronika (ez dakar egilerik). Hemeretzigarren urtemugaren omenaldirako argitaratutako liburua, beraz, 2003koa. Ez dakar ez editorialik, ez bestelako erreferentziarik. 13. orrialdea.

(8) Idem., 13. orrialdea.

(9) Idem., 14. orrialdea.