Iparraldera ihesi

Lagun batekin joan zen Bernardo Landetako San Eloi jaietara. Bordatxo tabernan tragoa hartu zuten. Bernardok, beti bezala, txokolatezko batidoa edo freskagarria hartuko zuen. Esan bezala, sekula ez zuen alkoholdun edaririk hartzen. Ezta gerora ere. Bordatxo tabernan tragoa hartu, eta ondoko tabernara joan ziren. 1974ko abenduaren 4a zen. Taberna honetara Bernardoren ezagun bat agertu zen. Honekin hitz egin eta gero, lagunarengana itzuliz, horrela esan zion:

-Alde egin ezak hemendik, gaur gauza onik ez zegok eta.

Lagunak berehala alde egin zuen bertatik, eta etxeratu egin zen. Ez zuen Bernardoren berririk izan, Iparraldean gordeta zegoela jakin zuen arte.

Itxura denez, poliziek aurkitu egin zuten Bernardok erabiltzen zuen multikopista. Eta delako ezagun hori abisatzera etorri zitzaion. Bernardo beste aldera joan zen, eta Baionan zeuden beste errefuxiatu batzuekin, tartean baita azpeitiarrak ere, bizitzen jarri zen. Hemeretzi urte besterik ez zituen. Denen artean gazteena izango zen Bernardo. Baionan jarri zen bizitzen. Han baziren bi emakume Bernardo baino zaharragoak, noski. Etxera berandu etortzen zenean errieta egiten zioten, non ibili zen galdezka, eta horiek ez zirela etxeratzeko orduak esanaz. Atzerriratu egin behar, eta bi 'amatxo'-ren kontrola jasan behar. A zer nolako klandestinitatea!

Orduan errefuxiatuen artean normala zen frantsesa ikastea. Frantziako Gobernuak dirua ematen zuen, eta horrek ere lagundu egiten zuen. Bernardo Arcachonera joan zen, eta frantsesa ikasten aritu zen, hilabete batzuetan. Hortik aparte, Baiona eta Hendaiako zenbait etxetan egon zen, eztabaidak eta lan politikoa utzi gabe.

Tartean, Txiki eta Otaegiren heriotza-zigorren kontra antolatutako ekintzetan parte hartu zuen. Espainiako kontsulatuaren kontra Molotov koktela botatzera joan zen, baita bota ere. Baina handik egun batzuetara polizia frantsesak harrapatu egin zuen. Abuztua zen, eta abendura arte eduki zuten preso. Orduan, baldintzapeko askatasuna eman zioten. Franco hilda zegoen.

Franco hil ondoren, Espainiako Gobernua trantsizioa prestatzen hasi zen, eta errefuxiatuei zegokienez, malgutasuna handitzen joan zen, amnistia heldu zen arte. 1976ko udaberrian itzuli zen Bernardo Azpeitira. Beste aldean zeuden gainontzeko azpeitiarrak poliki-poliki etortzen joan ziren.

Azpeitira etorri, eta Danonara itzuli zen lanera. 1976ko apirilak bost egun zituen. Bernardo ordurako LAIA alderdian bete-betean sartuta zegoen, eta lan horri jarraitu zion. Apirilean atxilotuta ere eduki zuten, LAIAko propagandarekin harrapatu zutelako. 10.000 pezetako fidantza ordainduta askatu zuten. Azpeitian eztabaida taldeak antolatu zituzten, eta Bernardok idatziak ematen zituen, bilera horietan eztabaidatzeko. Aldaketa urteak ziren, eta giroa bero zegoen. Franco hil ondorengo etorkizuna zegoen jokoan.