Txikitan

Familiako argazkia. Aita Joxe, ama Ramona, anaia Joxe Manuel -zutik- eta Bernardo. 
Belaguan elurretan, lagunekin. Kabra ezkerretik hasi eta aurrenekoa da. 

Bernardo Jesus Aizpitarte Arruti 1955eko uztailaren 14an jaio zen, Oriyoneko etxean, goiko ezpaina zatituta jaio ere. Operazio asko jasan behar izan zituen ezpainak behar bezala ipintzeko, ondo gelditu zen arte. Heldutakoan bizarra uzten hasi zen, eta apenas ezer nabarmentzen zitzaion. Osaba jesuita baten omenez Bernardo izena ipini zioten eta, garaiko ohiturari jarraiki, amonaren besoetakoa izanik, Jesus.

Eskolan Miserikordian ibili zen. Gero nazionaletan, eta azkenik garaiko Instituto Laboral-era joan zen. Ez zen kirolean jolastu zalea, eta gutxitan agertzen zen eliz atarira lagunekin futbolean jolastera, garaiko mutikoen ohiturei jarraituz. Pilotan bai, aritzen zen, noizbehinka bazen ere. "Garbi nuen futbolaria edo horrelako ezer ez nintzela izango, behintzat...", adierazi zion Uztarria aldizkariari. Berak nahiago izaten zuen beste lagun batzuekin kontu kontari aritu, edo zertxobait irakurri.

Oso atsegin zuen mendira joatea, jaiero-jaiero joaten zen, eta igande askotan Santa Engrazirako joan-etorria egiten zuen. Lanean hasitakoan, lantokitik etxera zuzenean etorri beharrean, askotan mendiz etortzen zen. Landetan aritu zenean, Odriatik bueltan, eta Lasaon zebilenean, Orandatik. Horregatik ipini zioten Kabra ezizena, inork ez badigu horrelakorik ziurtatu ere. Pirinioetara irtenalditxoak ere egin zituen. Gustura joaten zen mendira, batez ere oso giro abertzalea aurkitzen zuelako. Euskal kanten eta bertsoen oso zalea zen, eta berak asko zekizkien. Bidean beti kantuan joaten zen. Giro hartan, jantzian beti zerbait nabarmena eraman behar izaten zen, kolore txuri, gorri eta berdea konbinatuta. Lagun batek gogoan du borladun kaiku horietako bat askotan eramaten zuela.

Poliki-poliki gai sozialak eta politikoak aztertzeari eta eztabaidatzeari ekin zion, eta kezka hori bizitza osoan izango zuen buruan. Lagunek oroitzen dutenez, beraiek bazuten intuizioa Bernardo pauso bat aurrerago zegoela politika kontuetan eta ondoriozko inplikazioan. Garaiko giroak ere lagundu egiten zuen politika mundu horretan murgiltzen. Baina giro oso klandestinoa zen ordukoa, eta intuizioa bai, baina hortik aurrerakoak zehaztea ez da hain erraza.

Hori bai, politikan zeharo sartu aurretik argi zeukan independentista zela, eta klaserik gabeko gizartea amesten zuela. Ez zuen dirigismorik onartzen, eta alderdien kontrako jarrera hartzen joan zen. Erlijio kontuetan aurka agertzen zen, ateo konbentzitua zen. Ezagutu zutenek batez ere tolerantea zela aitortzen dute. Esan beharrekoak esango zituen, baina sekula ez burla eginez. Errespetua beti mantentzen zuen.

Lagun batek kontatzen du behin tela gorriak eta berdeak eskatu zizkiola, eta etxean begiratzeko esan. Lagunak ez zekien zertarako nahi zuen, baina batzuen artean lortu zuten zertxobait biltzea. Hurrengo astean Xoxoteko eguna zen, eta egun horretan ikurrina agertu zen San Inazioren ondoan.

Kalean, ordea, zelatatua eta pertsegitua sentitzen zen. Beti zegoen adi nor azalduko, guardia zibilak eta sekretak ugari zirelako orduan, eta askotan atzetik izaten zituelako. Kalean horietako norbait ezagutuz gero, burua makurtu eta erdi ezkutatuta joango zen aurrera. Eta urrutitik sumatuz gero, beste espaloira pasatzen zen. Behin, sekreta bat atzetik zuela, lagun bat eta biak Pikua tabernara joan ziren, Bernardok hala aginduta. Aurreko atetik sartu, eta atzetik irten zuten. Kanpoan gelditu zen sekreta hura Bernardok noiz irtengo zain.

Dena dela, Bernardo ez zen nabarmentzea gustatzen zitzaion horietakoa. Konfiantzaz eta talde txikian hitz egin zalea zen. Ez zen jende askoren aurrean diskurtsoak botatzen zituenetakoa. Horrelakoetan, esan beharrekoa labur esan, eta kito. Politikan oso argia zen, oso kritikoa, argumentuak bilatu eta azaltzen zituenetakoa, baina ahal zela lagun giroan, talde txikian.

Lagun batek dioenez, altruismoa eta idealismoa sekula baino indartsuago ziren garai hartan. 1960. urtea baino lehenago erlijio arloa zen nagusi, baina gero politika arlora bideratu zen hori guztia. Giroak lagundu egiten zuen politika munduan sartzen. Mugimendu politikoak gero eta zabalagoak ziren, errejimenaren aurkako ekintzak gero eta ugariagoak, eta hor katea sortu zen. Bernardo bete-beterik murgildu zen errota horretan.

Sekula ez zuen alkoholik edaten, ez gaztetan, ezta gerora ere. Freskagarriak, batidoak eta zumoak edaten zituen, eta kafea hartzera zaletu zenean, kafesne handiak. Oso gustukoa zuen kafesne handi bat zopekin hartzea. Puruak erretze zalea ere bazen. Ez zen diskotekara joaten. Nahiago izaten zuen inguruko auzoetako festetara joan, baina ez diskotekara. Etxera garaiz joan zalea zen eta, nabarmena denez, sekula ez zen mozkortu.

Lanean aitari laguntzen aritzen zen, ikatzarekin eta tornulari lanetan. Zubi inprimategian izan zuen lehenbiziko lan ordaindua. 17 urterekin, 1973ko otsailaren 19an, Danona lantegian hasi zen lanean. Bertan bileretan eta asanbladatan nabarmentzen joan zen. Garai hartan sartu zen Bernardo JOC (Juventudes Obreras Cristianas) taldean estrainekoz. Gero ETAren Frente Obrero delakoan sartu zen, baina Bernardo sartu zenean ETArengandik banatze prozesuan zegoen, LAIA alderdia sortzeko. Bernardo LAIA partidu politikoan militatzen bete-betean sartu zen, hasiera-hasieratik. Panfletoak, idatziak eta abarrak ateratzeko multikopista bat eskuratu zuten, eta Bernardo izan zen multikopistaren arduradun. Urbigaineko txabola baten ezkutatu zuten, eta hara joaten zen Bernardo, idatzi eta panfleto horiek inprimatzera. LAIAko propaganda aparatuko arduradunetako bat izan zen.