Gurasoak

Gurasoak Joxe Aizpitarte Arozena eta Ramona Arruti Martikorena zituen. Aita Iturbide baserrian jaio zen eta, hasiera baten beste baserri batera morroi joan baldin bazen ere, garai hartan ohikoa zen moduan tailerrean gazte-gazterik hasi zen, ofizioa ikasten. Hasieran Uniyo-ren tailerrean hasi zen, eta gero tren geltoki ondoan zegoen Lasa tailerrean, bietan tornulari. Ama, Ramona Arruti, Oriyo etxekoa zen. Ezkondutakoan emaztearen etxean jarri ziren bizitzen, Elizkaleko 32. zenbakian, Oriyonekoan. Hortik datorkio izena familiari, baita Bernardo eta Joxe Manuel semeei ere.

Etxe horren azpian ikatz biltegia zegoen, eta Oriyonekoek ikatza saltzen zuten. Joxek biltegi horretan tornulari tailerra eratu zuen, ikatz biltegia mantenduz. Ofizio biak jarraitu zituen handik aurrera. Bernardori txiki-txikitatik tokatu zitzaion aitari laguntzea, bai ikatza partitzen, bai tornulari lanetan.

Joxe familia nazionalista batetik zetorren, eta hortik zetorkion Irujo ezizena, lagunek ipinitakoa, nafar politikariarekin parekatuz edo. Euzko Alderdi Jeltzalearen afiliatua izan zen, eta Aberri Egunetara joan zalea zen.

Zaletasunen artean mendira joatea zen nabarmenena. Lagun Onak MB-ren irteeratan parte hartu ohi zuen, eta bertako juntako partaide ere izan zen.