Ondoren, erretiroa

Moja bizitza laga ondoren ere urte pila egon zen lanean ikastolan. Enkarna 65 urte bete arte ez zen jubilatu. Behin adin horretara iritsita, deskantsua hartzeko garaia zela erabaki bazuen ere, orain inoiz baino lan gehiago duela konturatu da. Ez dauka ezertarako tarterik. Egunero pasiatzera irten, etxeko gauzak egin...

Hala ere, ez zuen dena sustraitik eten. Doloresek oraindik gogoan du, "Enkarna jubilatu eta oraindik hilabete batzuetan ikastolara etortzen jarraitu zuela, paper eta gauza asko egiteko laga zituela eta".

Emakume honen indarra ez da berehala etengo. Gainera, erretiroak ere ekarri dizkio onurak. Lanean zegoen bitartean pattal-pattal egon bazen ere, orain inoiz baino hobeto dagoela ziurtatzen du. Bere bizitzan egin duen guztiaz harro dagoela dio eta ez da ezertaz damutzen. Berriro jaioko balitz eta bere bizitza errepikatzeko aukera izango balu, beharbada bide bera aukeratuko lukeela dio. Egindakoak bere alde onak ere izan ditu: "Kulturalki eta formazio mailan asko aberastu nintzen moja nintzen bitartean, baina pertsona eta euskararen arloan, ikastolak eman dit ni naizen guztia".

Hala ere, bizitzan zerbaitetaz "damutzen" dela onartu du, azkenean; hain zuzen ere, liburuxka hau idazteko baimena eman izanaz. Emakume diskretua izanik, orain horrelako arazoetan sartzea ez du oso beharrezkoa ikusten, baina esandakoa betetze aldera... "Uztarriak liburuxka biografikoa egitea proposatu zidanean, hasiera batean neure bizitza eta intimitateak kontatzeko animorik ez nuen, baina anaia Imanolek hala esan zidan: Nik ere bizitza honetan makina bat gauza egin behar izan dizkinat gogo handirik gabe, eta oraingo honetan hiri tokatu zain, eta aurrera egin behar dun!. Orain, azken emaitza ikusita, gustura geratu naiz egindako lanarekin. Merezi izan du".

Uztarriatik deia jaso dut
hau bai gauz harrigarria
Izutu ere egin naiz eta
orain nago jesarria
Benetan diot, nire bizitzak
ez du ezer aipagarria.
Bizitz arrunt hau kontatzea da
niretzat lotsagarria.
Baina, hala ere zer demonio!
idatz zan hire orria
Iturbideko oinarria
zabal bizitzan irria
Ikastolako giro bikaina
nigan daukat ezarria
ahaztu gabe moja izateko
izan nuen egarria
.