Sekular bizitzaren hasiera

"Irteteko erabakia hartu zuenean asko kostatu zitzaigun. Ez genuen espero. Hala ere, disgustua ez emateko, azken eguna arte ez zigun ezer esan, ez guri ez komentuko inori. Kongregazioak zeraman martxarekin ez zuen bat egiten, guk ere ez, baina behin erabaki hura hartuta...", diote Marian eta Maritxu Azkuek.

Kongregaziotik ateratzea erabaki zuenean, mentalitate aldaketa bat jasan zuela konturatu zen Enkarna. Moja bizitza lagatzeko erabakian bere anaia Juanitok lagundu zion. Pixkanaka bere trasteak komentutik etxera eramaten lagundu zion eta hasierako denboraldia ere, Juanitoren etxean pasatu zuen.

"Komentutik ateratzea planteatu nuenean, zoriontsu nintzela uste zuela aurpegiratu zidan Burlatako komentuko zuzendari nagusiak. Horixe zoriontsu nintzela! Baina zoriontsu izateari laga baino lehen irten nahi nuen".

Moja izateari utzi ondoren ere, kongregazioarekin harremana izan du Arregik. Burlatako superiorarengana ere joan zen. "Hangoak ere ez zeuden ados. Fideltasunik ez nuela esaten zidaten, eta hala erantzun nien nik: barruan fidel izateari uko egitea ere posible zela, baina nik nahiago nuela aurpegia ematea".

Etxekoen artean ere entzun behar izan zituen horrelakoak. Moja zen izeba batek ere Jainkoarekin dibortziatzen ari zela esan zion, baina Enkarnak argi zuen: "Ez nintzen ari Jainkoarekin dibortziatzen edo harremana mozten, kongregazioarekin baizik".

Behin moja bizitza lagata, abitua kentzeko ordua zen. Baina 31 urtez janzkera hura ibili ondoren, besteek zer pentsatuko zuten kezka zuen Enkarnak: "Ni oso zoriontsu izan nintzen moja nintzen bitartean, baina nire bizitzako aro hori amaitu zen, esnatu nintzen eta gaurko gizartea ezagutu nuen. Baina bertan integratzeko, sekular bizitza aurrera ateratzeko arropa erosi behar nuen. Komentua laga eta hurrengo asteburuan Juanito eta ni Donostiara joan eta arropa erosi nuen. Astelehenean, egundoko ikusminarekin nituen zain ikastola sarreran".

Hala ere, batik bat bere sentsazioa zen. Izan ere, irakasleentzako ez zen lehen aldia Enkarna sekular jantzita ikusten zutela. Amenabarrek gogoratzen duen moduan, afari eta irteera guztietan abitua kentzeko hautua egiten zuen Enkarnak.

Moja izatetik sekular bizitzara pasatzea sekulako albistea izan bazen ere, beste zerbait berria gertatu bitartean bakarrik izan zuen garrantzia; ondoren, Enkarnak bere lanarekin normal jarraitu zuen.