Esklabetara hobekuntza bila

Ikastola Loiolatik Esklabetara lekualdatu zenean, Enkarnak bulego handiagoa zuen. Harrerako lanaz gain, administrazioan ere aritzen zen. 
Udan abito zuria janzten zuen Enkarnak; neguan, berriz, beltza. 

Esklabetako eraikina eskola izateko moldatuta zegoen. Izan ere, emakumezkoen eskola erlijiosoa izandakoa zen. Enkarnari oroitzapen ugari ekartzen zizkion eraikinak, umetan ordu asko bertan igaro baitzituen. Gainera, Esklabetako eskola mojen eskola izandakoa zen, eta Enkarna moja zela bueltatu zen hara; hori bai, lanera.

Agian ez zen hain arraroa izango Esklabetan sartu eta harreran moja bat aurkitzea. Eraikinak hori eskatzen zuen. Baina ikastetxe publiko bat zela kontuan hartuz gero, zalantzak sor zitezkeen. "Moja bat lanean zegoen ikastola bakarra izango zela pentsatu izan dut askotan", dio Enkarnak.

Dolores Goikoetxeak hala dio: "Enkarna ikastolaren irudia zen, guraso eta ikasleen lehen kontaktua, gutako askoren konfidentea ere bai. Ikasleekin izaten genituen haserreak ere berak entzun behar izaten zituen, eta zenbait kasutan, ikasleenak ere bai".

Juanito Amenabarrek gogoratzen du Enkarna "oso pertsonaia publikoa" zela: "Jende guztiak ezagutzen eta baloratzen zuen. Horregatik, ez zen inor harritzen moja hura harreran ikusita. Baina kanpotik ordezkapena egitera irakasleren bat etortzen zenean, beti harrituta gelditzen zen".

Esklabetako eraikinak aldaketa asko ekarri zituen. Enkarnaren bulegoa handiagoa zen orain, ikastolak beste heldutasun maila bat ere lortu zuen eta Enkarnak abitua aldatzea erabaki zuen. Ez guztiz aldatzea, baina bai tarteka kolore desberdineko abitua janztea. Neguan abitu beltza erabiltzen zuen, eta udaberri-uda garaian, berriz, zuria. Erabaki pertsonala izan zen, ordea, ez kongregazioarena. Begotxu Azkuek gogoratzen duenez, "Enkarnaren kongregazioa oso itxia zen. Denek abitu beltza erabiltzen zuten, eta Enkarnak zuri hori jartzea ez zuten gustuko aldaketa izan". Enkarna Iturbidekoa zela garbi zegoen, zuen izaeragatik. "Ikuspegi praktikoa zuen, baikorra, alaia, zoriontsua, baina tenperamentua zuen eta izaera gogorra. Hala ere, triste edo alai, zoriontsu edo haserre, Enkarnak beti aurpegi ona jartzen zien denei", esaten du Amenabarrek.

Esklabetan, lantokia ja ez zuen lehen bezain gertu. Enkarna, zituen osasun arazoak medio, zailtasunez heltzen zen egunero lanera. Horregatik, gidabaimena ateratzeko aukerari bueltak ematen hasi zen: "Lankideei eta senideei galdetu nien ea nola ikusten ninduten gidabaimena ateratzeko, eta denek esan zidaten baietz! Aterako nuela".

Horretan hasi zen Enkarna. Azterketa teorikoa arazorik gabe gainditu zuen, baina zailena ondoren zetorren, autoa gidatzea. Azterketa praktikoa. "Gidatzeko klaseetan oso gaizki pasatu nuen, oso urduri egoten nintzen. Lehen egunetan, ez nuen ezer ondo egiten. Autoeskolako kotxea ere markatu nuen, Azkoitiko Aingeru kalean gora. Irakasleak beti esaten zidan lasaitzeko, baina hura estuasuna!".

Hobeto edo okerrago, garbi dago gidatzen moldatu zela. Izan ere, 53 urterekin gidabaimena eskuratu zuen. Baina zerbait xelebrea ere gertatu zitzaion orduan: "Azterketa egiterakoan hanka-sartzea egon zen. Gidatzeko lehen azterketan, nire ustez ongi ibili nintzen, baina ez nuen gainditu. Zerbait gaizki egingo nuela esaten nion nire buruari eta animoak ez galtzeko erronkari eutsi nion. Baina, arratsalde hartan bertan, autoeskola alboko bizilagun bat etorri zitzaidan irakasleen arteko elkarrizketan entzundakoa kontatzera. Nonbait, mojaren gainditua beste bati eman ziotela esaten zioten elkarri. Noski, beste mojarik ez zen azterketa egiten eta, badaezpada ere, frogatzea erabaki nuen. Autoeskolara joan eta zer gertatu zen galdetu nuen. Ez zidaten ezer garbirik esaten, baina horrelakorik gertatu ez zenik ere ez zuten bermatzen. Azkenean, tratu bat proposatu nien: hurrengo astean azterketa gaindituko nuela bermatu behar zidaten, eta nik ezer gertatu ez balitz bezala jokatuko nuen. Horretan gelditu ginen".

Hurrengo astean, Enkarnak berriro egin zuen azterketa, baina ez aurrekoan bezain ongi. Azterketa aurreko klase guztiak doakoak izan ziren aste hartan, baina ez zuten ezertarako ere balio izan; izan ere, azterketan aparkatu ere ez zuen egin Enkarnak. Azterketa hain gaizki egin arren gaindituarekin bueltatu zen etxera. "Egun hartatik aurrera kotxean joaten nintzen lanera. Eskerrak!".

Gidabaimenaren arazoak, ordea, Enkarnaren sortzaile alderdia piztu zuen eta autoeskolako irakasleari honoko bertso hau idatzi zion:

Gaizki pasaua, ahaztua dut
ondo ikasia ez ordea.
Maisu trebea eta zintzoak
badauka zerbait gordea.
Nahiz ta lehenean aprobatzea
nik uste izan hobea.
Jaunak maite nau baina eman dit
nik nahi ez nuen lorea.
Jarraitu nahi det zuk irakatsi
didazun modu berea.
Nere okerren nahigabea
zuk ekintzen ohorea
agertzen dizut eta nahi nuke
ni eskerdun izatea,
azken batean oso gustora
dago zure ikaslea
.

Txofer egin ahal izateak asko erraztu zizkion gauzak Enkarnari. Bere bihotzak markatzen zion erritmoan bizitzeko erraztasuna, batik bat pattalaldia zuenean.

Hala ere, beti bezala jarraitu zuen lanean. "Jolas-orduak beti izaten ziren mugituak. Tiritak, kamamilak, Asepeyora bidaiak, bataren edo bestearen gurasoei deitu, eskaileretan gora eta behera ibili irakasleen bila… Eguneko momenturik gogorrenetakoa izaten zen hura".

Halere, ikastolak egundoko aberastasun pertsonala eman diola onartzen du Enkarnak. "Jende asko ezagutu izan dut; baina, orain, ez dut inoiz inor ezagutzen".

Irakasle rola betetzea ere tokatu zitzaion tarteka marteka. Ordezkapenen bat, zaintzaren bat... "Behin ikasle bat zigortu eta komentura eraman nuen bazkaltzera. Etxera joan gabe zigortu nuen eta, baina bazkaldu ere egin beharko zuen, ezta?".

Ikastola garaiko anekdota asko ditu Enkanak. Denak biltzen saiatuko bagina, horrelako lau edo bost liburuxka beharko genituzke. Baina beste batentzako lekua, behintzat, egingo dugu: "Azterketa garaian fotokopistako giltzak lapurtzea pentsatu zuten ikasle batzuk. Batek ni distraitzen ninduen bitartean, besteek giltzak hartu eta fotokopiak egiteko gelan azterketak aurkitu behar zituzten. Giltzak lapurtzea lortu zuten, baina ez azterketak aurkitzea, ez zeuden han gordeta eta!".