Komentuan eta ikastolan

Argazkian, Enkarna lau izeba mojekin, Loiolako eskaileretan. 
Enkarna Loiolako ikastolako bulegoan, lanean. 

Familiarekin lotura handia bazuen ere, Azpeitira bidali zutenean Loiolan zegoen komentura etorri zen bizitzera, egun Arrupe Hotela dena. Igandero gurasoak bisitatzera joaten zen baserrira, baina bizitza komentuan egiten zuen Enkarnak.

Dena bertatik bertara zuen. Baserria Loiola auzoan, komentuaren atzeko aldean; ikastola ere, lana, Loiolan bertan. Gertutasun horrek bazituen alde onak eta txarrak. Dena gertu izanda lanera joateko gutxi nekatzen zen Enkarna. Baina gertutasun horregatik asteburu asko pasatzen zituen ikastolako harreran, astelehenerako lanak aurreratzen. "Oso maitea zuen ikastola. Benetan gustura ibiltzen zen han eta asteburu askotan joaten zen fotokopiak, paperak edo ikasleen fitxak prestatzera", gogoratzen dute Marian eta Maritxu Azkuek. Enkarnaren komentuko mojak ziren azkuetarrak. Harreman handia izan dute beti, eta oraindik ere, nahiz eta Enkarna kongregaziotik kanpo egon, sarri bisitatzen dute elkar.

"Nire bigarren etxea zen ikastola. Arratsalde asko pasatzen nituen bertan. Irratian musika entzunez multikopian jartzen nintzen klase guztietako materiala sortzen, hurrengo egunetan irakasleek kexarik izan ez zezaten", dio Enkarnak.

Ikastolako lanak bere eguneko denbora gehiena betetzen zuen, eta Enkarnaren kezka izan zen beti komentuan zuen bizitza-harreman urria. "Berak kanpoan egiten zuen lana, eta etxera etortzen zenean oso nekatuta egoten zen. Afaldu, gurekin tartetxo batean hitz egin eta beste gauza handirik ez genuen egiten. Baina inork, inoiz, ez zion aurpegiratu ezer", diote Azkue ahizpek.

Hala ere, ingurukoekin egoteko tartea ateratzen zuen handik edo hemendik. Zenbait irteera ere egin zituztela gogoratzen dute Marianek eta Maritxuk: "Santanderrera eta Salamancara egindako bidaia politak ditugu gogoan. Toki guztietan ongi hartzen zuten Enkarna. Oso pertsona jatorra da. Karakter handikoa izan arren, beti koherentziaz jokatzen du".

Lanpetutako egunak izaten ziren Enkarnarenak. "Ikastolako chica para todo zen Enkarna. Edozer konpondu, klasea zaindu edo garbitu behar bazen, bera beti prest zegoen. Entxufe batek ez bazuen funtzionatzen, Enkarnak konpontzen zuen. Lanari heltzeko beldurrik ez zuen emakumea zen", dio Begotxu Azkuek. Juanito Amenabarrek, Ikastolako zuzendari ohiak, honela deskribatzen du Enkarna: "Ikastolako administraria, kontserjea, zaindaria, irakasleen laguntzailea... Dena zen guretzako. Nolabait, denen ama ere bazen". Enkarnak oso maitea zuen egiten zuen lana eta bere lankideak ere asko estimatzen zituen. "Bere lana gustura egiten zuen, ez zuen diruagatik egiten. Izan ere, diru guztia komentuan lagatzen zuen. Benetan maite zuen ikastola Enkarnak, eta ikastolan bera ere maitea zen", diote Maritxu eta Marian Azkuek.

Lanpetuta ibiltzen bazen ere, beti ateratzen zuen ondo pasatzeko tartea. Ingurukoekin disfrutatzea da gehien gustatzen zaiona, baita orain ere. Horregatik, Gabon inguruan komentuan antzerkia prestatzen laguntzen zuen bezala, ikastolako jai, afari edo ospakizunetan ere presente egoten zen. "Egundoko festa eta afariak antolatzen genituen ikastolako langileen artean. Zenbaten ezkontzetara joan ote nintzen… Saiatzen nintzen bat bera ere ez galtzen!", gogoratzen du.

"Enkarna ikastolan zebilen garai hartan gu ere gazteagoak eta ekintzaileagoak ginen. Festetara joateko, afariak antolatzeko... arazorik ez genuen, hurrengo egunean lanera joan behar bagenuen ere!", azaldu du Dolores Goikoetxea ikastolako irakasleak. Lagunak ziren eta familia handi bat osatzen zuten.

"Lanean beti oso onartua sentitu nintzen. Horregatik denak familiakoak balira bezala sentitzen nituen. Niretzako plazer bat zen lanera joatea, gozatzeko zerbait, disfrutatu egiten nuen", dio Enkarnak. Baina une gogorrak ere bizi zituen ikastola barruan, tartean Naroa Aranguren ikaslearen heriotza.