Bihotza erritmoa markatuz

1973an, Madrilen zegoela bihotzeko arazo bat topatu zioten medikuek Enkarnari. Txikitatik ahulezia, bular inguruko minak eta esfortzuak egiterakoan zailtasunak izan bazituen ere, inork ez zion ezer aurkitu. Baina Madrilen, lantokiko errebisio batean bihotzeko zain bat estututa zuela esan zioten.

Arazoa konpontzeko ebakuntza egin zioten. Iruņean operatu zuten Enkarna eta medikuaren aginduz etxean pasatu zituen egun batzuk, lasai-lasai baserrian. "Operatu berritan, erietxeko ohean nengoela, trikiti eta guzti azaldu zen Imanol; baita soinua eta panderoa astindu ere! A zer nolako poza hartu nuen!".

Ebakuntza ondo atera bazen ere, bere bizitza markatu zuen. Ebakuntzaren ondoren klaseak emateko indarrik gabe gelditu zen Enkarna. Nola edo hala moldatzen zen, baina ez zen erarik egokiena.

Bere egoera ikusita, kongregazioak Enkarnaren kasua aztertu zuen eta irtenbide bila Segoviako gogo-jardunetako etxera bidali zuten. "Bizitza lasaiagoa zen han, baina klimak ez zidan onik egiten. Bihotzaren arazo horrek nire bizitzaren erritmoa markatu izan du beti; baja asko hartu behar izan dut bizitzan zehar, baina ez zegoen besterik".

Imanolek ere gogoratzen du Enkarnaren ebakuntza: "Bihotzeko operazio hark markatu zuen bere bizitza. Gauzak ez ziren behar bezain ongi atera eta bizitza-erritmo lasai eta motelago batera ohitu behar izan zuen. Bestela, ziur nago azkenean beste ahizparekin batera, Arantxarekin, Venezuelara joango zela".