Moja bidean Burlatara

Enkarna gurasoekin Burlatako komentuan, artean postulatua zela. 
Moja izateko botoak egin zituen eguneko argazkia, Burlatako komentuan. Enkarna ezkerrekoa da. 

Moja sartzea erabaki zuenean, Loiolatxon zeuden mojen kongregaziora jo zuen. Esclavas de Cristo Rey zen kongregazioaren izena eta Burlatan zegoen komentu nagusia. "Orduan ez zen arraroa. Jende asko joaten zen komentura eta asko ginen moja bidean jarri ginenak. Askoren kasuan, agian, ez zen bokazio kontua; beste aukeren falta baizik. Garai haietan ezkondu, aberaskillo baten etxean neskame izan, neskazahar gelditu edo moja sartzea besterik ez zegoen eta".

Moja sartu zenean, aurretik hasitako ikasketekin jarraitu zuen. Han jaso zuen formazio oparoena, eta moja sartzeko prozesuari ekin zion.

Moja izateko, hasieran sei hilabeteko postulatua egin behar izaten zuten. "Denbora horretan gure komentuko bizitza eta lehen kristau ikasketak jasotzen genituen. Besteengandik desberdintzeko, abituan lepoko zuri bat jartzen ziguten".

Sei hilabeteak pasatu ondoren, behin-behineko botoak egiten zituzten mojek. Bi urterako izaten ziren eta, epe hura gaindituta, behin betiko botoak ziren moja formazioa ixten zutenak. Nolabait, betirako hartutako konpromisoaren seinale ziren. "Nik botoak egin nituen egunean autobusa bete familia joan zen Burlatara. Komentuko leihotik ikusi nituen iritsi zirela, eta nola egongo ziren ba isilik! Hala zioten: Aizan! Boda aurreko gaua nobioaren etxean pasatu dun eta hori ez zagon ondo!. Jakina, Kristorekin ezkontzera nindoala esaten nien eta".

Botoak eginda, kongregazioak destino bat eman zion Enkarnari: "Irakasle Madrilera joan nintzen. Destinoa ez zen aukeratzen, kongregazioak erabakitzen zuen non zegoen beharra".

Madrilen haur txikiei klaseak ematen zizkien Enkarnak. Hango ikasleak oso disziplinatuak ziren: "Isilak, kaso egiten zutenak… Adibidez, jolasdenboran jolastokira jaisteko denak ilaran, zuzen-zuzen, paretaren kontra elkar eskua emanda jartzen ziren. Jolastokira iritsitakoan txistua jotzen nuen eta orduan jolasten zuten, bitartean isilik eta txintxo. Berriro txistua jotzean, denak ilaran jartzen ziren".

Enkarna Madrilen zegoen bitartean urtean behin etortzen zen Azpeitira, familia bisitatzea "beharrezkoa" zen beretzako. Lotura handia izan du beti guraso eta senideekin.