Zazpi gizonezkoren zaindari

Esklabetako ikasketak amaitu eta etxean gelditu zen Enkarna, amari laguntzen eta baserriko lanak egiten. Bazuen zeregina, zazpi gizonezko, sei anaiak eta aita zeuden etxean, eta "zazpi asto bezalakoak ziren. Amak ezin zuen guztiekin".

Behin, bi ikasturte pasatzera Urduņara joan zen, han izeba batzuk moja baitzituen. "Han ohartu nintzen ikasteko beharraz", dio Enkarnak.

Horregatik, handik bueltan, etxean lana egiteaz gain, Cristo Reyko mojek Loiolatxon ematen zituzten gau-eskoletara joaten hasi zen. "Batxilergoa ikasten ere hasi nintzen eta ondoren etorri zen moja sartzeko planifikazioa".

Iturbiden ez zen lanik falta, baina ezta jairik ere. Gabonak, igandeak edo auzolana izaten ziren festarako aitzakia. "Iraila inguruan auzotarrak garoa biltzera joaten ginen. Gau-partean eta garoa jaso ondoren, baserrian elkartu, zerbait jan eta pandero eta trikiti soinuekin ikaragarrizko festak egiten genituen. Hurrena karobian tokatzen zenean ere, jaia berdin-berdin egingo genuen".

Ondo gogoratzen du giro hura Imanolek, festa egiteko noiznahi bilatzen baitzuten aitzakia: "Behin zartaginari ere omenaldia egin genion. Osabak etxean zeuden egun batean, amak esandakoaren harira etorri zen dena. Nonbait, gurasoak ezkondu eta baserrira etortzean, sukaldeko zartagin txikia dagoeneko bertan zegoen. Osabek ziotenez, horrenbeste urtez Iturbiden egonda, omenaldia merezi zuen eta, gainera, egunkariak ere horren berri eman behar zuen. Apustuak ere egin ziren etxean. Handik egun batzuetara, bai egunkariak eta bai zabaldu berri zen Loiola Irratiak ere Iturbideko jaiaren albistea eman zuten. Gure amak zorotzat jo gintuen. Baina kristoren omenaldia egin genuen. Baratxuri zopa eta saiheskia zen aukeratutako menua. Ondo pasatu genuen. Horrelako asko egiten ziren gurean".

Horrelako festazale koadrilarekin, nola lagako zuen Enkarnak ama bakarrik etxean? Dagoeneko ahizpa zaharrena ezkonduta zegoen, beste ahizpa Venezuelan moja eta Enkarnaren ondorengoa, gazteena, oso txikia zen. Etxeko lan gehienak egiten zituena eta amaren laguntza guztia Enkarna zen. Horregatik, anaia zaharrena ezkondu zain egon zen moja sartzeko. Erabakia 25 urterekin hartu zuen. "Nik ez nuen gizonezko bati lotutako bizitza aurreikusten. Neskazahar gelditzea ere ez zen irtenbiderik egokiena, beraz, ez ziren aukera asko gelditzen. Etxean erlijio giro handia zegoen errotuta, eta inork eskatu gabe, barrutik irteten zitzaidan errezatzea, mezetara eta Loiolako Jesuiten funtzioetara joatea. Txiki-txikitatik iturri hartatik edan genuenez, banuen halako egarri bat, eta egarri hura asetzeko zer hobeto moja sartzea baino".