Iturbidekoak hamar!

Iturbide baserria, Loiola auzoan. Enkarna bertan hazi eta hezi zen. 
Patxi Arregi eta Maria Zubizarreta bost seme-alaba zaharrenekin. Aitaren eta amaren artean ageri den neskatoa da Enkarna. 

Loiola auzoan dago Iturbide baserria. Haren paretek bizipen asko gordetzen dituzte. Horien artean Nartzabalgo Maria Zubizarretak eta Patxi Arregik bizitakoak. Maria eta Patxi gazte ezkondu ziren, garai haietan egiten zen moduan. Maiorazkoari jarraituz, Patxi gelditu zen Iturbiden eta Mariarekin batera sortu zuen familiak jarraitu zuen etxe hartan.

A zer familia! Hamar seme-alaba izan zituzten. Sei mutil eta lau neska. Zaharrenetik gazteenera: Imanol, Milagros, Arantxa, Enkarna, Juanito, Miguel Mari, Inaxio, Joxe Mari, Mari Carmen eta Andoni.

Enkarnak dioenez, "urte haietan ez zegoen familia planifikaziorik, baina nola edo hala moldatzen ziren bi urtez behin haur bat izateko". Horrela, Andoni jaiotzean Imanolek ordurako bazituen 20 urte. "Senideetan zaharrenak zirenek gazteagoak zaintzeko ardura zuten".

.1940. urtean jaio zen Enkarna, hamar senideen artean laugarrena. Gogoan du txikitan baserrian lagun asko zirela: "Gurasoez eta gutaz gain, aitaren beste hiru anaia zeuden etxean. Baina pixkanaka haiek ezkondu eta etxetik joan ziren".

Hala ere, urte askoan, familiako bidelagun izan zuten izeba Joxepa. Aitaren urrutiko lehengusua Garate Anaiarekin bizitakoa zen. Auzotar guztiek izebatzat zuten. "Denek deitzen zioten izeko! Iturbideko izeko", gogoratzen du Enkarnak. Joxepak Iturbideko atarian pasatu zituen arratsaldeak, 95 urte zituela zendu zen arte.