Elizaz ezkontzea nahi

Bai Amaiak eta baita Ebak ere, garbi daukate elizaz ezkontzea nahi dutela. "Biak sinestunak gara, eta bion nahia elizaz ezkontzea da". Horrelakoxeak dira, ordea, elizaren lege eta arauak, eta oraindik ez diete homosexualei handik ezkontzen uzten. "Apaizen batekin ere hitz egin dugu gaiaren inguruan, eta bat edo beste ideia horren kontra agertu ez den arren, ez dago haien esku erabakia hartzea". Hori badaki bikoteak, jakina. "Hala ere, eztabaida gogorren bat ere izandakoak bagara. Nik beti esaten dut, elizara inoiz azaltzen ez direnak, gero, betiko parafernalia egiteko, hara joaten direla ezkontzera. Eba eta biok hori aurpegiratzen diegu apaizei. Igandero mezetara joaten ez garen arren, fededunak eta elizkoiak gara gu, eta hala ere elizak ez digu han ezkontzen uzten".