Ezkontzarako prestaketak

Ezkontza eguneko prestaketekin "lasai ibili" zela dio Amaiak. "Ezkontza egunean joan nintzen ile-apaindegira, ilea tindatu eta apur bat makillatzera". Arropak ere egin behar izan zituen, nahiz eta erosketetara joatea Amaiari ez zaion batere gustatzen. "Kostatuta, baina Donostia aldera eraman ninduten Miren ahizpak eta Lurdes Arrietak erosketak egitera. Oso erosketa azkarrak izan ziren egun hartakoak. Denda batean sartu, traje bat ikusi, neurria aukeratu eta kito. Gero, bigarren dendara joan, alkandora eta neurria berriro aukeratu, ordaindu eta kanpora. Azkar itzuli ginen Azpeitira. Zapatak erostea ahaztu zitzaigun, ordea, eta beste egun batean Donostiara itzuli beharra geneukala konturatu ziren nire laguntzaileak". Azkarra izan zen zapatak behar zituenaren erantzuna. "Zapatak azokatik erosiko nituela esan nien. Halaxe egin nuen. Astearte goiz batean azokara joan, zapata polit eta merke batzuk erosi eta buelta etxera, Donostiaraino alfer-alferrik joaten ibili gabe. Beste edozeinek 200 euroko zapatak erosiko lituzke, baina nik ez. Nik 20 eurokoak nahikoak ditut, dirua alferrik gastatzen ibili gabe".