Ebarekin lehen harremana

.2000. urtean ezagutu ziren Eba eta Amaia, Gara-ko kontaktuen atalari esker. "Ebak tabernan lana egiten zuela, musika, zinema eta kirola gustatzen zitzaizkiola eta neska bat ezagutu nahiko lukeela ipini zuen iragarkian. Hura irakurri eta deitzea erabaki nuen. Pixkanaka, hitz egiten hasi ginen, eta gehixeago ezagutzeko gogoa genuenez, 2000. urteko San Sebastian bezperan, Orkatz tabernan egin genuen zita". Ebak ez zuen Azpeitia ezagutzen, eta are gutxiago Orkatz.

Amnistiako talde guztiak danborradan irten aurretik afaria zeukan, eta Orkatzen zeuden geratuta danborjoleak. "Orduan zen agertzekoa Eba Orkatzera, eta jendeari galdetuta taberna aurkitu zuenean, tximista baino azkarrago sartu zen". Fisikoki ez zuten elkar ezagutzen, eta momentua iritsi arte nola ezagutuko ziren jakin gabe egon zirela gogoratzen dute biek. "Gazte jendez beteta zegoen Orkatz, neu nintzen zaharrena, eta Eba sartu zenean segituan pentsatu nuen bera izango zela Zarauztik etorritako laguna. Batetik, azpeitiarra ez zelako, eta bere adin inguruko bakarra zelako. Elkarri begiratu eta Eba izan zen aurrea hartu zuena. Amaia? galdetu zidan, eta orduan nik, zu Eba, ezta?". Elkarrizketa sinple harekin hasi zen bien arteko harremana. Ez da inoiz jakingo gau hartan zenbat bikote sortu eta desegin ziren Orkatz tabernan, baina bat behintzat sortu zela ezin daiteke ukatu. "Aurkezpenen ondoren, Eba Amnistiakoekin etorri zen afaltzera, aurretik hala hitz eginda geneukalako".

Danborrada amaitu eta parranda ederra bota zutela gogoratzen dute biek. "Hurrengo goizean Zuhatz taberna garbitzera joan beharra neukan eta Eba neurekin eraman nuen. Ongietorri ederra eman nion". Hala ere, horrek ez zuen Eba uxatu, egun bat pasatzera etorri eta astebete pasatu baitzuen Amaiaren etxean. "Amak deitzen zion Ebari, baina ederki zegoela esaten zion alabak, lagun pila egin zituela eta oso gustura zegoela Azpeitian".

Denborarekin, elkarren etxera joaten hasi ziren; azpeitiarra Zarautzera eta zarauztarra Azpeitira. Harremana estutzen joan zela esan daiteke.