Porto Novo

1990 inguruan, Porto Novon (Benin, Afrika) hilabete pasatu zuen Amaiak, anaia bisitatzera joanda. 

.1990 inguruan, Porto Novo (Benin, Afrika) herrian izan zen hilabete pasatzen Eibarko lagunarekin. Garai hartan han zuen anaia misiolari. "Leku oso pobrea da hura, denak hanka hutsik, errepideak zuloz beteta, plazak eta kaleak ondarrezkoak... Baina, irrati bat musikarekin jarri eta denak dantzan gustura hasten dira". Anaiak eman behar zuen meza entzutera joan zenean, ikusi zuen nolako elizak zituzten han. "Baso erdian lau makila lurrean sartu, eta gainean tela bat jarrita".

"Hegazkinean ordu pila bat eginda eta eskala Kanariar Irletan egin ondoren, iritsi giren halako batean Porto Novora. Ez nuen ongi etorri oso ona izan, maleta galdu baitzitzaidan bidaian. Arropa guztia han neukan eta soinean neukanarekin geratu nintzen. Anaiari deitu nion, eta bertako andre batzuekin hitz egin zuen. Plantxa-plantxa egindako beraien arropak ekarri zizkidaten. Hango jendea bezala ibili nintzen jantzita. Maleta hogei egunera berreskuratu nuen".

Safari txiki bat ere egin zuten. "Elefanteak ikusi genituen. Herria ere ikusi egin behar, eta anaiak taxia hartzeko gomendatu zigun. Han taxiak bestelakoak dira oso, autoen ordez motorrak ibiltzen dituzte". Bakoitza motor banatan, txoferrak ziztu bizian ibili ziren, zuloz betetako errepideetan. "Ez seinalerik eta ez semafororik, han bakoitza nahi duen bezala ibiltzen da. Hangoak ohituta daude, baina gu ez. Oso esperientzia polita izan zen, baina zulo haiekin eta abiadura harekin pasatu nuen beldurrarekin, uste dut ez nuela ia ezer ikusi".

Porto Novoko ume baten amabitxi egin zen hango egonaldian. "Ekitalditxo bat egin behar genuen hori zehazteko, eta bezperan hondartzara joan ginen bazkaltzera. Lapiko handi batean arroza zegoen bazkaritarako eta ez zegoen kubiertorik. Eskuekin jan beharra zegoen. Azal zurikoa naiz eta erraz erretzen naiz. Hondartzan eguzkiak gogor jotzen zuen, eta azala zuria izatetik gorria izatera pasatu zitzaidan". Hurrengo egunean, haurraren etxera joan behar zuen bazkaltzera Amaiak. "Buruz behera lo egin behar izan nuen, eta jaikitzerakoan ezin mugituta nengoen neukan minagatik". Minari aurre egin eta mutikoaren etxera joan ziren bi neskak bazkaltzera, Mikelekin. "Mahai bat zegoen etxean, eta iritsi ginenean guztiak jaiki eta guretzako janaria ateratzen hasi ziren. Nik eseritzeko esan nien, guztiek batera bazkaldu behar genuela. Bertako ohitura hura zela eta hala egin beharko genuela esan zidan anaiak. Laguna eta biok eseri eta arroza atera ziguten. Pikantea zegoen oso, tripa sutan jartzen zuen. Otordua behingoz bukatzeko azkar jatea pentsatu nuen". Etxekoek, ordea, Amaiari jatekoa asko gustatu zitzaiola pentsatu zuten eta beste platerkada bat atera zioten. "Ni, bukatu nuelakoan, eta bestea atera ez zidaten ba! Gustatu zitzaidalakoan. Edatekorik ez genuen, eta anaiari ea zerbait eskatzea bazuen esan nion. Garagardoa atera ziguten. Epel-epela zegoen, eta lehendik jan behar izan nuen pikanteaz aparte, garagardo epel hura edan behar izan nuen. Anaia aldamenean barrez lehertu beharrean nuen".

Bazterrak ikusten asko ibili ziren, eta behin gauez zinemara joateko plana egin zuten. "Aterperik gabeko zinema zen eta gu ginen hango zuri bakarrak. Pelikularen erdian euria hasi zuen. Hemengo tanta potoloen moduko euria egiten du han, mina ere ematen zuen gainera erortzen zitzaigunean, eta segituan lurra lokaztu zen. Jende guztia presaka irteten hasi zen, burua galduta bezala. Laguna eta biok elkar ez genuen ikusten, bat bestearen gainean, izugarrizko kaosa zen hura. Azkenean, laguna eta biok elkartu eta aldegitea lortu genuen".

Beste batean, alboko beste herrixka batera ere gonbidatu zituzten euskaldunak. "Joan ginenean konturatu ginen hango askok ordura arte inoiz ez zutela pertsona zuririk ikusi. Azala ukitzen utziko al genien galdetzen ziguten ume guztiek". Herri hartan hildakoen aldeko omenaldia egitekoak ziren egun hartan. "Sei bat mutil gazte tantan handi batzuk hartu eta haiek jotzen hasi ziren, oso polita eta interesgarria izan zen. Gero zanko handi batzuekin irten zuen batek, maskara beldurgarri batekin. Askotan guregana gerturatzen zen gainera, eta beldurra ematen zuen. Baina, oso ederra izan zen erritu guztia. Bukatu zenean, anaia gure aurretik abiatu zen beste batzuekin berriketan eta, gu atzetik gindoazenez, jende guztia geure gainera etorri zen. Beldurtu egin ginen, denak geuregana etorrita, ia ezin baikenuen mugitu ere egin. Anaiari deika hasi nintzen eta haien hizkuntzan zerbait esan ondoren bakean utzi gintuzten. Herri hartako oroitzapen oso ederrak ditut". Gustura kontatzen ditu Amaiak hango esperientziak.