Karnabaletako mozorroak

Urtero irteten dute Amaiak eta lagunek Astelehen Karnabalean mozorrotuta. Argazkian, erromatarrez jantzita. 

Urtero irteten dute Amaiak eta lagunek Astelehen Karnabalean mozorrotuta. "Lau edo bost hasi ginen irteten, eta orain zortzi-hamar ibiltzen gara. Hiru ahizpak eta beste bost edo zazpi lagun izaten gara, normalean. Urtero norbaitek kale egiten du arrazoi batengatik edo besteagatik, baina taldetxoa urtero izaten gara mozorro gauean kalean bueltaka, geure disfraza erakusten. Talde bezala huts egingo bagenu urteren batean, guztiak hoztu eta gehiago ez irteteko arriskua dago. Horregatik, urtero irteten saiatzen gara, eta orain arte lortu dugu".

"Egun horretan mozorrotuta irten behar da, bestela ez dauka graziarik. Gainera, primeran pasatzen dugu mozorrotuta. Egun berezia da. Lehen jende gutxiagok irteten zuen, baina denborarekin indarra hartzen joan da eta orain ederragoa da".

Azaro inguruan hasten dira bilerak egin eta zertaz jantziko diren erabakitzen. "Astelehen Karnabalera arte, noski, sekretuan gordetzen dugu. Urte batzutan nahiko erraz prestatu izan ditugu trajeak, baina badira lan mordoa eman izan digutenak ere. Behin erromatarrez jantzi ginen, Neron eta bere neskalagunaz. Lan mordoa eman zigun mozorroa izan zen hura. Merezi izan zuen, ordea. Lehenengo saria eman ziguten mozorroagatik. El Corral de la Pacheca –Andaluziako taberna flamenkoa– bezala jantzita ere atera izan gara, baita bikingoz, mendizalez eta Hare Krishnaz ere".

Txikiteo Elegante eguna ere "ederra" dela dio. "Baina, Azpeitian elegantzia edo dena delakoa erakustea oso modan dagoen fenomenoa denez, hainbat jendek izugarrizko fortunak gastatzen ditu panpoxa- panpoxa irteteko igande goizean txikiteora". Beste askori bezala, hori ez zaio gustatzen Amaiari, eta sarritan kritikatzen du. "Behin, Maite ahizpa eta biok irten genuen, baina dirutzarik xahutu gabe. Ama zenaren arropekin, geuk egindako kapelekin eta poltsa handi banarekin. Txikiteo Elegantearen hasierako urteetan, horrela irteten zen jendea. Baina, denborarekin, erakutsi beharrak guztiz aldatu du egunaren kontzeptua".