Miopia

Gaur egun betaurreko arruntekin ibiltzen bada ere, "kristal lodi-lodiekin" ibili zen Amaia 1990. hamarkada ingurura arte. "Miopia progresiboa neukan, txiki-txikitatik. Eskola garaian hasi zitzaidan bista jaisten, eta urteek aurrera egin ahala, beti okerrera egin zidan ikusteko ahalmenak. Nire betaurrekotako kristalek zeukaten pisuaren ondorioz, belarri atzeak eta sudur gaina urratuta izaten nituen. 1980ko hamarkadan, lentillak ibiltzen hasi nintzen, eta ordutik aurrera, kasualitatez edo, ez zait bista gehiago okertu. Garai hartan, begi batean minus 18ko miopia neukan, eta bestean, berriz, minus 20koa. Lentilla gogorrak nituen, artean bigunik ez zegoelako. Sekulako arazoak izan nituen".

Urte batzuk geroago, katarata gaitza etorri eta ebakuntza egin zioten. "Operatzerakoan, miopiarekin neukan arazoa ere konpondu zidaten, neurri batean. Lentillak jarri zizkidaten eta 1.5eko miopia besterik ez zitzaidan geratu". Horregatik, oraindik ere, ez du lortu betaurrekoengandik libratzea. "Baina, orain ditudanek ez dizkidate belarri atzeak eta sudur gaina urratzen. Ikusmena guztiz konpondu ez bazidaten ere, alde ederra somatzen dut".