Antzerkia

2006an hasi zen Amaia Emakumeen Antzerki Tailerrean. "Asko kostatzen zait gidoiak ikastea. Txikitan kostatu egiten zitzaidan, eta orain ere bai. Baina, ez naiz erraz etsitzen duen pertsona, eta, era batera edo bestera moldatzen naiz antzezten". Euskal Antzerki Topaketetan bi antzerki egin dituzte: Habemus Circus eta Autobusaren zain. "Lehenengoan domadorearena egiten nuen neure txakurrarekin. Hala ere, animaliak jotzeaz damutzen naiz". Antzerkiko taldekideen esanetan, "Amaiari gidoia ikastea kostatu egiten zaio, baina badaki intrepretatu behar dituen pertsonaiak bere erara transformatzen. Domadorearena egin behar zuen, eta eraldatzen jakin zuen. Modu horretan, papera interpretatzea errazagoa eta hobea izaten da". Autobusaren zain antzezlanean, berriz, mutua zen ume batena egiten zuen. Tailerreko lagunek diotenez, "hitzik ikasi beharrik ez zeukanez, Amaia erraz moldatu zen pertsonaiarekin. Memoria txarra izan arren, paperean sartzen daki eta horrek asko balio du". Ikasturte honetan, (Lo)turak izeneko obra landu dute. "Enpresako mantentze-lanetarako langilea naiz, baina ez dut ezer konpontzen". Udazkeneko Topaketetan ere antzeztuko dute.

Taldean "giro bikaina" daukatela dio Amaiak. "Beti laguntzeko prest izaten naiz, eta oso ongi moldatzen naiz gainontzeko kideekin. Gure afaritxoak ere egiten ditugu, adin tarte nabarmena izan arren taldekide gazteenaren eta zaharrenaren artean -18 eta 65 urte-. Batzutan gazteenak izaten dira erretiratzen aurrenak, eta hain gazteak ez garenak berandurarte egoten gara tertulian".

Baina, antzerkia ez da aktore bezala Amaiak ezagutu duen lanbide bakarra. "2009an, Izarren Argia filman parte hartu nuen estra moduan. Paper berezia bete nuen, Ondarretako kartzelako preso batena. Neure ama halaxe egon zen, preso, eta asko eragin zidan horrek. Behin, grabatzen ari ginela, preso guztiek triste egon beharra geneukala agindu zigun zuzendariordeak, gidoiak hala eskatzen zuelako. Emakume guztiak triste jartzen saiatu zen zuzendariordea, filman gertatzen ari zena benetan gertatzen ari zela sinestaraziz ia. Gehiegizkoa izan zen hura niretzat, eta negarrez hasi nintzen. Negar egiteko joera handia dut. Nik negar pila egiten dut. Preso guztiak pilatuta geunden eta ni atzealdeko ilaran nengoen. Negarrez hasi nintzela ikusi orduko, segituan lehenengo ilarara ekarri ninduen zuzendariordeak".

Preso askori ilea mozten zioten falangistek, negar nola egiten zuten ikusteko. Arrazoi horregatik, pelikula errealagoa izateko, zenbait estrari ere ilea moztea komeni zela esan zioten. "Ni pronto agertu nintzen horretarako. Ez zitzaidan asko inporta hori egitea. Hala, beste emakume batzuei bezalaxe, hile motx-motxa jarri zidaten neuri ere".

Esklabetan grabatzeaz gain, Artikutzara ere joan zen filmaren beste zati batzuk grabatzera. "Esperientzia polita izan zen. Pelikula gehiagotan ere parte hartu izan dut; trenaren museoan egin ditugun hainbat grabaziotan, besteak beste".