Amagar

Garbiņe Odriozolarekin batera herri pila pasatu zituen Amaiak kontzertuak ematen. Amagar izena zuen bikoteak. 

Herri pila pasatu zituen Garbiņe Odriozolarekin batera kontzertuak ematen Amaiak. Amagar izena zuen bikoteak -Amaia eta Garbiņe izenetatik dator- eta urte batzuk pasatu zituzten herriz herri gitarra hartuta. "Biok jotzen genuen gitarra; Garbiņek ahots altuak egiten zituen, eta nik baxuak. Dirurik ez genuen irabazten, afariaren edo bazkariaren truke abesten genuen, eta gasolina ordaintzea asko izaten zen. Ordaineko otordu horietako batzuetan, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Urko eta beste hainbat abeslarirekin afaltzeko zortea izan genuen".

Hainbeste kontzerturen ondoren, diskoa ateratzeko erabakia ere hartu zuten. "Horretarako, bi lagun fitxatu genituen: Unai Frantzetsena eta Jon Ostolaza. Lehenengoak bateria jotzen zuen, eta bigarrenak, berriz, eskusoinua. Bizkaian egin genituen grabaketak; bi edo hiru hilabete iraun zuten. 500 bat kopia atera genituen, eta oso ongi saldu zen gainera, nahiz eta gastuak enpazteko balio izan zuen. CDarekin ere ez genuen dirurik irabazi". Diskoa atera eta beste urtebete inguru iraun zuen bikoteak. "Garbiņe ezkondu eta Debara joan zen bizitzera. Gerora haurdun geratu zen eta taldea desegitea erabaki genuen". Amaiak ez dio utzi, ordea, kontzertuak emateari, sarri-sarri izaten baititugu herrian hark eskainitako kontzertuak.

Beste talde bat ere sortu zuen 1990eko hamarkadan Amaiak. "Emakumez osatutako taldea zen. Gitarra, perkusioa eta ahotsarekin osatutakoa. Kontzertu bakarra eman genuen. Ikasleak ziren taldeko partaide asko, eta uda amaitu zenean kanpora joan ziren ikastera. Udalak antolatutako kontzertua izan zen eskaini genuen hura, eta Anje Duhalderen aurretik jo genuen".