Gitarrarako zaletasuna

Makina bat laguni erakutsi dio gitarra jotzen Amaiak. Argazkian, ikasle talde batekin ageri da. 

Jende askok ezagutzen du Elizkaleko Gitarristie bezala. Hamabi-hamahiru urte zituenean hasi zen mojekin gitarra jotzen ikasten. "Oso ikasketa basikoak izan ziren, akorderen bat edo beste. Geroago, neure kontura ikasi dut. Ezagutzen ez nuen akorderen bat jotzen ikusten banuen norbait, galdetu egiten nion, pixkanaka ikasten joateko. Liburuak ere erosi izan ditut, eta behin bideo bidezko ikastaro bat egin nuen, baina oso artifiziala iruditzen zait. Ez da benetakoa, ezin diozu galderarik egin, bere azalpenak ematen doa eta ez da gelditzen. Lagundu zidan, baina gehiena neure kasaka ikasi dut".

Amaiaren aita pontekoa zein zen jakinda, errazago ulertzen da musikarako duen zaletasuna. Urrestillako Xebastian Errasti Xaxurre-ren besotakoa da. Musika tresnak jotzen inork erakutsi gabe ikasi zuen Xaxurrek. Berak ere egiten zituen instrumentuak, eta musika tresna berri bat hartzen zuenean, hain belarri ona zuenez, bere kasaka ikasten zuen jotzen. Amaia umea zela hil zen, baina hala ere, aita pontekoak eraginen bat utzi diola esan liteke.

Baina, Amaia ez da herrian ezaguna gitarra jotzen duelako bakarrik, baita musika tresna hori nola jotzen den erakusten duelako ere. "Norbaitek komentatu zidan behin ea zergatik ez nintzen klaseak ematen hasten". Dirudienez ideia interesgarria iruditu zitzaion eta hala hasi zen bere etxean gitarra nola jo irakasten. "Hasieran neure kasaka hasi nintzen etxean eskolak ematen, eta beranduago, Udalarekin harremanetan jarri eta lokala utzi zidaten. Halere, lokalen falta zegoela argudiatuta, moztu egin zuen nirekin zeukan hitzarmena".

Lehenago ibiltzen zen bezala, etxean klaseak ematen, jarraitu behar izan zuen. Azkenerako, Udalak berriro lokal bat utzi dio klaseak emateko. "Sindikatu Zaharreko azkeneko pisuan ematen diet klasea zenbait neska eta emakumeri". Parekidetasun Sailak hainbat tailer antolatzen ditu, eta emakumeen gitarra tailerra emateaz arduratzen da Amaiak. "Nolanahi ere, etxean ikastaroak ematen jarraitzen dut. Talde bakoitzari astean bi ordu eskaintzen dizkiot. Udaleko lokaletan bi orduko saio bat egiten dut astean; etxean biltzen den taldearekin, berriz, ordubeteko bi saio".