Eskolatik lanera

Amaia eskolako lagunekin. Behean, ezkerrean, makurtuta ageri da. 
Aitak eta izebak Elizkalean zuten janari dendan egiten zuen lana gaztetan Amaiak. 

Hamalau urterekin bukatu zituen Esklabetan egin beharreko guztiak, "eta aitak hala galdetu zidan, beste anai-arreba guztiei bezala: Ikasten jarraitu ala lanera?. Erraza izan zen erantzuna. Ikaste kontu hori orain ez zait gehiegi gustatzen, eta lehen gutxiago. Lanari ekiteko erabakia hartu nuen".

Elizkalean janari denda zuten Amaiaren aitak eta izeba Kandik. SECUC izeneko elkarteko lehendakaria eta diruzaina zen aita. Dendaren atzeko aldean, biltegi txiki bat zeukaten, eta herriko gainontzeko janari dendak hornitzen zituzten. "Hori zen nire eginbeharra. Aitonak egindako bi gurpildun karroa hartu eta dendaz denda ibiltzen nintzen banaketak egiten. Askotan propina ere ematen zidaten eta ni gustura". Sei edo zazpi denda izango ziren orduan Azpeitian, eta egungo dendekin konparatuta eskariak askoz ere txikiagoak izaten zirela gogoratzen du Amaiak. Denborarekin, dendan bertan egoten ere hasi zen saltzaile lanean. Gainera, SECUC indarra hartzen joan zen, eta dendetan banaketak egitera kamioia etortzen hasi zenez, zerbitzu hori emateari utzi zioten.

Banaketena ez zen Amaiak egiten zuen lan bakarra, ordea. "Aitonak dendaren atzeko aldean alpargatak prestatzen zituen. Elizkaleko beste lokal batean, Astigarraga denda zegoen, eta atzeko aldean alpargataren zolak egiten zituzten. Bi lagun aritzen ziren tailer txiki hartan. Haietako bat izeko Kandi zen. Aitonak zola haiek jaso, bakoitzarentzako telak prestatu eta inguruko etxeko andre batzuei ematen zizkien, zolak eta oihala elkarri josteko. Bukatutakoan, aitonak paketea prestatu eta bizikletako parrilla alpargataz beteta Azkoitira joaten nintzen oinetakoak entregatzera".

Hamasei-hamazazpi urte zeuzkala, Hendaiara joan zen taberna batean lan egitera. "Hilabete egin nuen, baina latza izan zen. Tabernatik irten gabe egon nintzen Hendaian pasatu nuen hilabete hura. Goizean taberna ireki, eta itxi arte han egoten nintzen. Gauean, berriz, tabernako lurrean koltxoiak bota eta bertan egiten genuen lo bi lagunek. Bata batekin sartu eta berarekin irten nintzen. Egun batean sudurretik odoletan hasi nintzen, baina inortxok ere ez zidan esan lana uzteko, ezta zauria sendatzeko ere. Lanean jarraitu beste erremediorik ez nuen izan". Igandero, mezetara joateko ohitura zuen Amaiak garai hartan, baina Hendaian egindako hilabetean ezin izan zuen joan nagusiek lokaletik irteten uzten ez ziotelako. Ilegalak zirenez, kanpoko norbaitek ikusi eta arazoak izango zituztenaren beldurrez, tabernan sartuta egonarazten zituzten. "Sukaldean ontziak garbitu eta garbitu... esperientzia oso gogorra izan zen". Beste uda batzuetan ere ibili zen Amaia Eibarko taberna batean lanean, baina ez hain egoera prekarioan.

Hainbat uda kanpoan lanean pasatu izanagatik, denda itxi zuten arte ez zion inoiz utzi saltzaile bezala lana egiteari. Izeba erretiratu zenean, Amaiak eta bere ahizpa Mirenek bertan jarraitzeko asmoa zuten hasiera batean, baina lokalaren alokairuak gora egin zuen. "Kontuak ateratzen hasi eta irabaziak lortzea zaila izango zela konturatu ginen eta pare bat hilabetera denda itxi genuen". Lana alferrik egitea inori gustatzen ez zaionez, denda ixtea erabaki zuten, eta bakoitza bere aldetik abiatu zen 1986an.

Orduan hasi zen etxebizitzak eta tabernak garbitzen, eta oraindik ere hori du ogibidea. "Hiru lagun ibiltzen gara normalean, hainbat etxe eta taberna garbitzen. Ez kontatzeko modukoak dira parranda handien ondoren tabernetako komunetan garbitu behar izaten ditugunak".