Garmendia Altuna sendia

Amaia eta Mikel bikiak, baserritarrez jantzita. 
Garmendia-Altuna familiko anai-arrebek elkarrekin ateratako argazkia. Amaia ezkerrekoa da, besoak gurutzatuta. 

Aita Jose Mari, ama Maria, eta seme alabak Karmel, Jexux Mari, Olatz, Mikel, Amaia, Maite eta Miren. Horiek dira Garmendia Altuna sendia osatzen zutenen izenak. Mari Karmen, Miguel Angel eta Nerea ere jaio ziren, baina haurrak zirela hil ziren hiruak.

Aita-amak, biak, abertzaleak ziren. Aita preso egon zen 1936ko Gerra Zibilaren ondoren. Hori gutxi ez, eta heriotza zigorrera ere kondenatu zuten; ez behin bakarrik, zazpi aldiz zigortua izan baitzen heriotzara. Azkenean, ordea, ez zuten hil eta kartzelatik ere atera zuten halako batean. Ama ere abertzalea, beste emakume asko bezalaxe, Ondarretako kartzelara eraman zuten preso. Aitarekin egin moduan, hura ere aske utzi zuten denborarekin.

Karmel eta Mari Karmen izan ziren Jose Mari eta Mariaren lehenengo seme alabak. Bikiak ziren, baina urte hartan bertan hil zen neska. Hurrengo urtean, Jexux Mari jaio zen. 2007an hil zen, gaixotasun luze baten ondoren. 1948an, neskatoa jaio zen, Olatz, hain zuzen. Hemeretzi urterekin moja sartzeko erabakia hartu zuen, eta halaxe jarraitzen du gaur egun, Done Mariako komentuan (Nafarroa) dago bizitzen. 1952an, Mikel hil zen, bost urte zituela, eta 1953an, Nerea bi urterekin.

1953an, bikiak jaio ziren berriro ere Garmendiatarren etxean: Amaia eta Mikel, neska-mutilak. Mikelek apaiz izateko bokazioa zuen eta apaiztu egin zen. Urte asko daramatza Swazilandian (Afrika), hango biztanleei ahal duen heinean laguntzen. 1957an jaio zen Maite, eta 1959an, Miren. Amaia eta Karmel bezala, Azpeitian bizi dira biak. Miren izan zen Jose Mari eta Mariaren azkeneko haurra. 1973. urtean hil zen ama, eta 1977an, berriz, aita.