Heriotza bi gurpilen gainean

1985eko otsailaren 3an hil zen Santi Lazkano Aizarnazabaldik Zarautzerako bidean. Motorrean zihoan eta errepidea gurutzatzen hasi zen pertsona bat saihestearren, bazterra jota hil zen. Hain maitea zuen tramankuluaren gisan, bi gurpileko beste ibilgailu batek eraman zuen mundu honetatik. Horixe zuen patua nonbait: bi gurpilen gainean ibiltzeak eman zizkion zoriona eta une gozoak; bi gurpilen gainean zebilela izorratu zuen belauna eta ezin izan zuen profesional bezala bi gurpil haiez gehiago gozatu; eta, motorrean izan arren, bi gurpilen gainean zihoala hil zen.

Santi Lazkanoren heriotzaren hogeita bosgarren urteurrena igarotzean hainbat ekimen antolatu ziren bere omenez. Esanguratsua da mende-laurdenak adierazten duen urte kopurua. Baina data esanguratsuetaz gain, egunero beretaz oroitzen den jende asko dago oraindik ere. Bihotzean daramate haren izaera, haren ahalegin etengabea, haren lanerako grina eta irabazteko asmo sutsua.

Hargatik, Santi urteko egun guztietan omendu beharreko gizona izan zela esan daiteke. Une esanguratsuek eta gogoangarriek, bere garai onenen berri jakitera garamatzate. Baina berak nahi zuen hori lortzeko gogor saiatzen zen bezalaxe, gainerakoei laguntzeko ere beti prest egoten zen. Txirrindulari eskolak ederki mimatzen du Santiren irudia. Eta ez da gutxiagorako, bertako sortzaile izan zena, bi gurpilen gainean dena emateko prest dauden etorkizuneko profesionalentzako eredu ezin hobea baita. Txirrindularitzarako indarra bizitzan nahi zuena lortzeko erabiltzen jakin zuen fenomenoa izan zen Santi Lazkano.