Txirrindulari ona eta langilea

1978an Santi Lazkano Kirolak denda ireki zuen eta inauguraziora etorri zen Eddy Merckx handia –argazkian, erdian–. Ezkerrekoa Fernando Bereziartua Pikua da eta eskubikoa, Santi Lazkano bera. 
Urola Txirrindulari Eskola jarri zuen martxan Santik. 

Hamazazpi urte zituela, 1964an debutatu zuen jubeniletan, Cafeterías Onex taldearekin. Garai horretan ez zen bere ingurukoen artean gailentzen zena, baina nahiko ongi moldatzen zen. Gaztetxoa zeneko bere oroitzapenen artean, bere lehen garaipena izandako Aiako Itzulia gordetzen zuen. 1965ean izan zen, Orioko aldapan beste aurkari batekin batera ihes egin zuen pelotoitik eta haren parean iritsi zen Donostiara arte. Bertan zegoen helmuga eta, azken indarrak aprobetxatuz, ihes lagunari gain hartu ahal izan zion.

Ondoren, afizionatuetara igaro zen eta Educación y Descanso eta Fagor taldeetatik igaro ostean, Kas-en afizionatuen taldera sartu zen. Garai horretan izaniko lehia batean, erraz etsitzen ez zuen pertsona zela argi utzi zuen. 1968. urtean, Valladoliden jokatzen zen Mexikoko Joko Olinpikoen aurretiko proba batean, hainbat oztopo bata bestearen atzetik gailentzeko gai izan zen. Lehen aldia zuen 150 kilometro baino gehiagoko karrera batean parte hartzen zuela eta, nabarmendurik zihoala, istripua izan eta gurpil bat apurtu zitzaion. Hura konpontzen denbora dezente galdu ostean, berriro ere pelotoia harrapatu zuen eta baita pelotoi-buruan zioan taldetxoa ere. Helmugarako hamar kilometro falta zirenean, gurpila zulatu zitzaion eta jadanik ezinezkoa zen hori konponduta buruan zihoan taldea berriro harrapatzea. Ondorioz, erretiratu egin behar izan zuen. Halere, bere buruaz harro sentitu zen egun hartan.

1969an Kas taldean bertan emango zuen profesionaletarako saltoa. Urte hori nahiko ona izan zen Sabtirentzat, erraz eta ondo antzean ibili baitzen. Baina, hurrengo urtean, soldaduskara joan behar izan zuen eta ez zuen luzitzeko aukerarik izan; 1970eko amaiera aldera lizentziatu zenez ejertzitoan, hurrengo urteko denboraldirako gehiegi prestatu gabe zegoen. Hala ere, Erregio Mailako Espainiako Itzulian gailendu zen, Txomin Perurenarekin eta Migel Mari Lasarekin batera.

.1972. urtekoa izan zen bere denboraldirik onena. Levanteko Itzulian etapa bat irabaziz hasi zen eta sailkapen orokorrean, taldekide zuen Perurenarekin denboran berdinduta, bigarren postua lortu zuen. Honen ostean, 27.000 kilometro inguruko denboraldi betea eta erregularra burutu zuen, Emiliako Itzulian Eddy Merckx handiaren atzetik bigarren postua lortuz borobildu zuena.

Beti gauza berriak ezagutzeko eta probatzeko prest egoten zenez, 1973an ziklo-krossean parte hartu zuen. Afizionatuen garaitik esperientzia apur bat bazuen proba horietan eta halaxe animatu zen. Gainera, neguan zehar ariketa fisikoarekin jarraitzea interesgarria iruditzen zitzaion, denboraldia hasten zenerako gorputza martxan izatea ahalbidetzen baitzion. Baita bizikletarekiko kontrol osoa izatea ere, ondoren egoera txarrean zeuden errepideetan bere jarduna errazagoa izan zedin.

Kas taldean bete zuen aroa izan zen Santi Lazkanoren ibilbidean oparoena. Hona hemen garai hartako emaitzarik aipagarrienak:

– 1969an: Valles Mineros-eko Itzulia eta etapa garaipena.

– 1971n: Caboalles-eko Saria; Erregio Mailako Espainiako Itzulia; eta Volta Catalunya-ko Mendiko Saria.

– 1972an: Levanteko Itzulian etapa garaipena; Pascuas-eko Saria; Antonio Blanco Sariko etapa garaipena; Volta Catalunyako etapa garaipena; eta Erregio Mailako Espainiako Itzulia.

– 1973an: Arratera Igoera; Ordiziako Saria; Espainiako Mendiko Txapelketa; eta Oiartzungo Proba.

– 1974an: Italiako Giro-ko etapa garaipena (Como-Iseo); Erregio Mailako Espainiako Itzulia; eta Errioxako Itzuliko Mendiko Saria.

– 1975ean: Midi Libre Probako etapa garaipena.

Itzuli handi ospetsuetan ere parte hartu zuen. Kas-en zebilela, Italiako Giroan hiru urtetan atera zen. 1972an, hamargarren postua lortu zuen; 1973an, bosgarrena izan zen; eta 1974an, berriz, hamaseigarren geratu zen. Espainiako Itzuliari dagokionean, aipatzekoa da 1975ean bederatzigarrena izan zela. Kas-en zegoela, hiru urtetan hartu zuen parte Frantziako Tour ospetsuan: 1969an, 1973an eta 1975ean. Azken honetan ibili zen ondoen, hogeita bederatzigarren postua erdietsiz.

Urte berean, Super Ser taldean hasi zen eta hantxe jarraitu zuen hurrengo urtean, bere txirrindulari ibilbidea etengo zuen istripua izan zuen artean. Garai horretan, Asturiasko Itzulia irabazi eta Frantziako Tour-ean parte hartu zuen azken aldiz, 1976. urtean zehazki.

Santi txirrindulari osoa zela esan genezake, langilea eta sufritzen zekiena. Eskalatzaile bikaina eta gogorra. Taldekideei babes eta animo erakustaldi itzelak egiten zekien. Karreretan taldeari laguntzeko eta arerioei gaina hartzeko edozertarako prest egoten zen. Baina, behin lehia amaituta, aurkariek ere miresteko moduko pertsona zela esaten omen zuten.

Bere buruari diziplina izugarria ezartzen zekien pertsona zen. Taldeko entrenamenduekin hasi aurretik, bere kabuz hasi ohi zen abendutik Gipuzkoako errepide guztiak korritzen, egunean lau edo bost ordu pasatuz bizikleta gainean.

Ezaugarri aipagarri bezala mendia zenez bera egokien moldatzen zen eremua, sarritan egokitu zitzaion taldekideentzako lana egitea. Eta berak halaxe esan ohi zuen, txirrindularitzak arriskatzen ikasten lagundu ziola, taldekideei faboreak egiten ikasi zuela.

Italiako Emiliako eta Lombardiako Itzulietan aurkari sutsu izan zuen Eddy Merckx zuen gustuko Santik, txirrindulari zein pertsona bezala. Profesionaltasun handiko kirolaritzat zeukan, lehian zegoenean hitz egiten edota aurkarien inguruan gaizki esaka denbora galdu ordez, haren obsesio bakarra pedalei eragitea zelako. 1973. urtean edo, Merckxen taldeak fitxatu nahi izan zuen Lazkano. Txirrindulari famatuari ere interesatzen zitzaion nonbait etapetako lanik zailena egiteko prest egongo zen norbait izatea taldean. Baina erabaki horrek Belgikara bizitzera joatera behartzen zuen eta, Kasen pozik zegoenez, atzera egin zuen.

Bitxikeria bezala, garai hartan ohikoa ez zen gisara, negu partean behintzat bere bizar eta guzti ibiltzen zen Santi bizikleta gainean. Ohitura hori zuen bakarra izan zela esan daiteke, hainbat aldiz kazetariek ere galdetu izan baitzioten-eta zergatik ez zuen bizarrik mozten.

Liburuxka honetan, hainbeste aldiz aipatu da 1976an Santiri txirrindulari bizitzarekin amaitzea eragin zion Holandako ezbehar hura. Baina hala ere, hainbeste maite zuen horretan ahal zuen guztia ematen jarraitu zuen. Urrakiko Igoera edota Euskal Herriko Itzulia burutzeko antolatzaile lanetan, Euskadi Irratirako esatari lanak egiten...

Aitzitik, bere ekarpenik aberasgarriena, Azpeitian Urola Txirrindulari Eskola sortzeko ideiarekin etorri zen. Proposamenak eta asmoak aspalditik baziren ere, iniziatiba hartu eta zerbait martxan jartzen asmatu zuena bera izan zen. Txirrindularitzaz zekiena besteei erakusteko gogo eta grina izugarria zuen. Mundu honetakoak diren hainbatek, ospetsu izan eta jadanik erretiratu diren txirrindulariek hori falta dutela aipatzen dute. Santik bi helburu zituen: batetik eskola martxan jartzea eta, bestetik, Lagun Onak Txirrindulari Elkartearentzat lokal bat lortzea. Zoritxarrez, elkarteak egun erabiltzen duen lokala ezagutu aurretik hil zen.

Etengabe aipatzen diren Santiren baloreekin segituz, aurrerakoia eta modernoa zela erakusten duten ekintzak gauzatu zituen. Txirrindularitza Eskolan bizikleta gainean entrenatzea baino zerbait gehiago egin behar zela uste zuen eta bizikletaren piezen inguruko klase teorikoak ere eskaini nahi izan zituen. Horrez gain, garai hartan oso ohikoa ez zen bezala, nesken taldea sortzearen alde agertu zen eta baita halaxe egin ere –bere bi alabak ibili ziren bolada batez Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen nesken taldean–.

Horrez gain, gaztetxoekin ezin hobeto moldatzen zen Santi. Haurrei ahaleginik eta denborarik eskatu gabe irakasten zekien, eta lehiakortasunaren ordez, taldeko giro ona bultzatzen saiatu ohi zen. Gaztetxoek txirrindularitzaz gozatzen ikas zezatela, lehia gisan ulertu ordez; hori zen Errezilgoaren helburua. Izan ere, Santik oso argi zuen, lehian aurrera egin nahi bazen lehenik barrutik benetan sentitu behar zela txirrindularitzarekiko grina. Poza emango zien haurrei sariak irabazteak ere, baina horrez gain, Santi Lazkano kirol-denda aurrean autobus oso bat gaztetxo eta gurasoz bete eta joan behar zen lekura bizikletak autobus gainean lotuta joateak, xarma gehiago zuen. Eta horrelaxe ibiltzen ziren garai hartan Urola Txirrindularitza Eskolakoak.