Aisialdian, txirrindularitza

Txirrindularitza giroan mugitzen ziren lagunak zituen Santik. Argazkian, erdian ageri da. 

Santik ez zuen lagunarteko jendearekin denbora asko pasatzeko aukerarik izan bere bizitzan. Autoen tailerrekin, kirol-dendarekin edota txirrindulari eskolarekin bazuen nahikoa lan. Eta, ondorioz, libre zuen denbora apurraz gozatzeko ondoan izaten zituen lagunak ere, bere zaletasunarekin lotutakoak izaten ziren.

Horren okupatua egon arren, tarteka ateratzen zuen astia parrandaren baterako ere. Profesionalki txirrindularitza utzita, Euskal Herriko Itzulian esatari-eta aritu zenean, bere lagun Fernando Bereziartua Pikua-rekin batera aritu izan zen urteren batzuetan. Santi motorrean ibiltzen zen eta Fernando, berriz, autoko gidari lanetan. Fernandok egun horietan elkarrekin eginiko parrandak gogoan ditu oraindik ere. Gainerako gauzetan bezalaxe, tokatzen zen hura bere indar eta gogo guztiz egiten zuen Santik, baita parranda ere. Egun puntualak eta oso noizbehinkakoak izaten ziren arren, ederrak egindakoak omen dira elkarrekin.

Gainerakoan, inguruko jendearekin konplitu behar izaten zuenez, lagunarteko afariren batzuetara agertzen zen ahal zuenean. Horrez gain, bere okupazio denetatik iganderen batzuk ere libratu ohi zituen. Egun horietan, emaztearekin, bi alabekin eta gertuko lagunen baten sendi osoarekin batera, egun-pasak egiten zituen.

Korritu zituen karrerak kontuan izanda, gehien animatzeko joera zuen jendea Euskal Herrikoa zela esaten omen zuen Santik. Erabat abertzalea eta euskaltzalea zen eta hori, bere aisialdiko zaletasunetan ezin hobeto islatutako zerbait izan zen. Etxean lasai egoteko aukera zuenean, eleberriak –gehienbat historia testuak– irakurtzea zuen gustuko. Bestalde, bere euskaltzaletasun sutsuaren adierazgarri bezala, entzuten zituen txistu edota akordeoi kantak aipa daitezke. Gustuko zituen sentimenduz beteriko abestien artean, Itziarren Semea zen gehien maite zuena. Estadio egunkarirako egin zioten elkarrizketa batean berak esana da asko hunkitzen zela euskal kantuokin.

Elkarrizketa berean, ondorengorik bazuen galdetuta, Eneka izeneko hiru hilabeteko alabatxoa zuela erantzun zuen. Kazetariak izena gaztelaniara itzultzeko eskatu zionean, euskal izen oso zahar bat zela eta itzulpen zuzenik ez zuela erantzun zuen txirrindulariak. Nafarroako aspaldiko errege-sendi batean du jatorria izenak, Antso Gartzeitz erregearen alaba bat deitzen zen Eneka. Pasadizo honek berak, ezin argiago uzten du Santik Euskal Herriarekiko zuen mirespena eta maitasuna.

Halakoxea zen Santi gertu-gertutik ezagutu zutenentzat. Txirrindulari gisan ezaugarritzen dute lagun bezala ere, hitzekoa eta leiala izan zen Santi. Eta bere inguruko jendea, berekin halaxe portatzea gustatzen zitzaiona.